Sustrairik gabeko zuhaixkak

Erabiltzailearen aurpegia Ioritz Gonzalez Lertxundi 2021ko eka. 4a, 08:22

Ioritz Gonzalezek maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Sustrairik gabeko zuhaixkak'.

Herritar, guraso eta irakasle moduan kezkatuta naukan gai batekin natorkizue. Ondo legoke aldizkari hau berau zenbat gaztek irakurriko duten jakitea, batik bat adin zehatz batzuetan, adibide bat jartzearren.

Egungo gazteei mugikor edo gailuei egunero zenbat ordu eskaintzen dizkieten galdetuko bagenie, bereziki sare sozialei, harrituta geratuko ginateke ziur aski. Bizian zehar zenbat liburu irakurri dituzten galdetuko bagenie ere, harritu egingo ginateke seguruenik. Azken ikerketen arabera, gazteen artean mugikorraren erabilera egunero lau ordutik gorakoa da, eta eguna hastean eta bukatzean egiten duten lehenengo eta azkeneko gauza mugikorra begiratzea da. Esango nuke, eta hanka sartzeko beldur handirik gabe, gazte askok lau liburu ez dituztela irakurri bizian zehar iniziatiba propioz. Azken urteetan gailenduriko joera honek hainbat aldaketa edo ondorio sor ditzakeenaren ustean nago. Esaterako, zer eragin izan dezake gure hizkuntzaren erabileran joera honek? Kontsumitzen den edukitik zenbat da euskaraz? Nik uste honek gazteen ohituretan eta beraz, euskararen etorkizunean eragin zuzena izan dezakeela.

Teknologia berrien erabilerak azken urteetan gure bizimoduetan eraldaketa ekarri duela begi-bistakoa da, eta hauek erabiltzen jakiteak onurak ekarri dizkigulakoan nago. Hala ere, nire barnean sentimendu bat ernetzen joan da azkenaldian; hain zuzen guk izan ez ditugun hainbat baliabide eskaintzeko asmo onez, hezkuntzan oinarri izan direnei ez ote diegun garrantzia kendu. Zur eta lur geratzen naiz gazteek irakurtzean dituzten ulermen arazoak ikustean. Esaldi laburrak abiadura biziz irakurtzen ohiturik beren gailuetan, hiru edo lau lerroko paragrafoak irakurtzean izugarrizko arazoak sortzen zaizkie, edo okerrago, zuzenean errefusatu egiten dituzte irakurtzeari utziz. Irakurtzea ez zaiela gustatzen esan ohi dute askok, baina, whatsappetik iristen zaizkien mezuak irakurtzeko ez dute inolako arazorik izaten...

 

Gazteek ikusten dutenetik gehiago ikasten dute entzuten dutenetik baino.

 

Esango nuke helduon gehiengoak irakurketa eta ulermena bat eginik ulertzen ditugula, irakurketak zentzua izan behar badu behintzat. Zoritxarrez, egun, sinbiosi horretan arrakala sortzen ari dela dirudi, bereziki gazteengan. Ezinbesteko gaitasun bat, etorkizunean egunero beharrezkoa izango duten gaitasun bat. Izan ere, irakurketa ez al da izan ezagutza geureganatzeko tresna eraginkorrena belaunaldietan zehar? Bere onuren artean asko aipa genitzake, baina ezbairik gabe irakurketa hezkuntzaren oinarrizko tresna bat dela esango nuke.

Arestian aipatutakoaz gaindi, badirudi irakurtzeko gaitasun gabezia hori, egun, kontraesan bat dela. Bizitzen ari garen gizarte teknologizatuan, gailu guztietan eta une oro, informazio kopuru izugarria etengabe jasotzen ari garen garaietan, sekula baino garrantzitsuagoa dirudi informazio guzti hori interpretatzeko gaitasuna izateak. Esaerak dioen moduan, asko balio du gaztearen indarrak, baina ez ote du hainbeste balio landuriko buru azkarrak...

Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu, eta helduon jarrerak zeresan handia duelakoan nago. Jakina da gazteek ikusten dutenetik gehiago ikasten dutela entzuten dutenetik baino, eta etorkizuneko argia egoki baliatzeko sustrai sendoak errotzea komeni.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide