Ni ez noa

Erabiltzailearen aurpegia Irene Elortza 2022ko abe. 4a, 12:41
Goiko Kaleko irudi bat.

Irene Elorzak azaroko Maxixatzen aldizkarirako egindako iritzi artikulua: 'Ni ez noa'.

Azaroaren 9an jarri digute gure kaleaz edo auzoaz hitz egiteko hitzordua. Alkategai jeltzaleak kale gorrian (Jausoroko plazan) elkartu nahi gaitu gure arazoez hitz egiteko eta esateko dauzkagunak entzuteko. "Hitz egin nahi? Aurrez aurre!", dio banatu duten propaganda liburuxkak, gogo biziz. Udal hauteskundeetarako hilabeteak falta diren honetan, nonbait, baten bati oso ideia ona iruditu zaio herritarrengana hurbildu eta hitza ematea. Benetan ideia berritzaile, iraultzaile eta egokia da, espero dut ideia bikain horren sortzaileak merezi duen soldata jasotzea. Ariketa demokratiko paregabea egitera doaz eta azkoitiarrok eskerrak eman beharko genizkieke. Botoa emanda, adibidez.

Baina ni ez noa. Ez egon nire zain. Urte eta erdi badira Goiko Kaleko bizilagunek udalari bilera eskatu genionetik, eta ordutik birritan bakarrik elkartu gara. Kaleak dituen hainbat arazo txikiren eta handiren berri eman genien lehendabiziko topaketa hartan, iazko urrian. Handik bi egunera kalea mangeraz garbitu zuten. Eta kito. Bigarren bilera eskatu, eta aurtengo martxoan elkartu ginen berriz. Ez daukat ahazteko bilera hura.

Baten bati oso ideia ona irudi zaio herritarrengana hurbildu eta hitza ematea

Zinegotziak gure kalerako zeukan "ametsa, proiektua" partekatu zuen gurekin: kalearen erdian dagoen orubean etxebizitza pare bat eraikitzekoak dira (auskalo zein), eta bien erdian igogailua egongo da. Han geundenetatik inork ez genuen ezer ulertzen (beno, agian Hirigintzako teknikariak bai). Orubea pribatua da eta Goiko Kaleko bizilagunei ez dagokigu haren erabileraz eztabaidatzea. Guk askoz ere arazo gehiago ditugu, eta horiek garrantzitsuagoak eta premiazkoagoak dira bertan bizi garenon eta gure kaletik igarotzen diren guztien ongizaterako. Izan ere, ehunka herritar igarotzen da gure kaletik egunero, Jausorora zein Altzibarrera joateko, anbulatoriora, Zubillagara edo merkatalgune berrira joateko... Eta haiei ere eragiten die gure kalearen garbitasunak, trafikoak, segurtasunak eta egoera orokorrak. Baina zinegotzia balizko etxebizitza berriez arduratuta dago, proiektuak kalea goitik behera aldatuko duelakoan.

Bestalde, urteetan zaborraz gainezka egon den gure kaleko "puntu beltz" izeneko txokoari irtenbide bat emateko egin genion proposamena kostatuta onartu eta atera ginen bileratik, zein baino zein haserreago. Handik gutxira, bi jardinera birziklatu eta bertan jarri zituen udalak. Arazoa bukatu da, jendeak jada ez du bolumen handiko zaborrik uzten bertan. Gure kalea zerbait hobetu da. Urte eta erdiko jardunaren ondoren.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide