Mikroa

Erabiltzailearen aurpegia Irene Elortza 2022ko eka. 23a, 15:50

Irene Elorzak maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Mikroa'.

Tematzen dira gerra batzuk minutuz minutu kontatzen eta beste batzuk guztiz ahazten eta ahatzarazten. Tematzen dira albistegiak biktimen adierazpenekin betetzen eta haiei mikroak muturren aurrean jartzen ahalik eta istorio negargarrienak biltzeko. Eta bai, hori ere kazetaritza da, baina ni nazka-nazka eginda nago. Gertutasuna, gizatasuna, gerraren ondorio latzak jende arruntarengan ("zibilak") erakusteak gugan eragina sortzeko nahi horrek gogaitzen nau. Hainbeste alditan, hainbeste ikuspuntutik erakutsi dizkigute gerraren krudelkeriak, hunkitzeko gaitasuna galtzen ari garela sentitzen dudala. Suposatzen da haur, emakume eta agureak erakutsita, haien istorio txikiak kontatuta, hobeto ezagutuko ditugula gerraren ankerkeriak. Eta kazetariak mikroistorio horien ehizan aritzen dira gatazka guneetan. Txikitasunak, xehetasunak, mikroak ondo erakusten omen du makroa, handia, argazki orokorra.

Mikroa kontatzen hasita, eskertuko nuke kazetariek bestelako istorio txikiak kontatzea. Esaterako, euskal armagintza enpresetan egiten diren pieza txikerren istorioak. Misilak eta bestelako arma hilgarriak osatzeko ezinbestekoak diren txip, osagai eta gailu ttipiak non egiten diren zehaztasun guztiekin azaltzea. Horiek diseinatzen edo fabrikatzen dituzten langileen istorio koskorrak biltzea, esaterako. Ondo lo egiten al duten, irabazten duten soldatarekin zer ordaintzen duten... Armagintza enpresetako ugazabek irabazitako sosak zertan gastatzen dituzten jakitea ere interesgarria litzateke. Bidaia txikietan? Auto handietan? Ardo botila zaharretan? Golf zelai berdeetan? Jarri mikroa horiei ere, hitz egin dezaten.

 

Mikroa kontatzen hasita, eskertuko nuke kazetariek bestelako istorio txikiak kontatzea

 

Eta, kontatzen hasita, eskatuko nioke kazetari zintzoren bati kontatzeko armen osagai txiki horiek daramatzaten kontainerrak nola ontziratzen diren Bilboko portuan eta nora garraiatzen dituzten. Zein herrialdetako gerrak elikatzeko balioko duten, zenbat pertsona hiltzeko balioko duten, nortzuk aberasten diren... Estatistika txiki horiek, badakizue, mikro-istorioak.

Ideiak behar dituen kazetariren bat balego, esango nioke txukun eta irakurgarri argitaratzeko Eusko Jaurlaritzak eta bestelako erakunde publiko eta pribatuek nola kolaboratzen duten euskal armagintza enpresak babesten, dirulaguntzen edo kredituen bidez. Erreportaje txiki polit bat edo gehiago egin daiteke mikro-istorio horrekin ere. Hiltzeko balio duen industria horretan inbertitzen den dirutza nondik ateratzen den ere ezagutu nahiko nuke, albistegi labur batean bada ere. Baita bizitzarako ezinbestekoak diren beste arloei (osasungintzari, hezkuntzari eta abar) nola harrapatzen dioten dirua enpresa hiltzaile horietan xahutzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide