2,65

Erabiltzailearen aurpegia Irene Elortza 2021ko abe. 10a, 09:11

Irene Elorzak azaroko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: '2,65'.

Ikasturte berriaren hasieran, ezagun bati galdetu diot ea zer moduz doakion alabari eskolan. Neskak 11 urte ditu eta ikasle ona eta saiatua da. Amak harrotasunez eta kezkaz erantzun dit alabak asko ikasten duela eta ia egunero afalaurrean bukatzen dituela eskolako zereginak eta eskolaz kanpoko ekintzak. Gogorra dela aitortu dit, baina halakoa omen da bere egunerokoa. Ume hori irudikatu dut goizetik arratsaldera ikastetxe barruan, eta, handik aterata, etxeko lanak egiten, klase partikularretara joaten eta musika ikasten (gustukoa omen du), jolasteko ia denborarik hartu gabe.

Gogoratu naiz iazko konfinamendu garaian lankide batek ere komentatu zidala alabak ez zuela afaldu nahi izaten denborarik ez zeukalako etxeko lanak egunean-egunean entregatzeko. Umeak gaizki lo egiten zuela eta asko sufritu zutela, bai berak, baita etxekoek ere teleikasketa garai hartan.

Lagun baten iloba nerabeak ere antsietate atakea izan zuela jakin nuen uda aurretik. Ikasle bikaina, kirolari ona eta piano- jotzaile dotorea da neska, baina, egoerak gain egin zion nonbait ikasturte bukaera aldera.

Zer exijitzen ari gatzaie umeei? Zer kentzen? Nolako bizimodua eskaintzen diegu? Zergatik izan behar dute "onak" denean? Meritokraziaren iruzurra noiz finkatu da gure mundu ikuskeran? Zertarako hainbeste eskolaz kanpoko jarduera, teknifikazio eta hizkuntz trebetasun, bakean eta pozik bizitzen asmatu behar ez badute? Ez al diegu gehiegi eskatzen? Kalea eta denbora lapurtu al diegu? Jolas librea, sormena eta askatasuna noiz desagertu dira gure bizitzetatik? Etorkizuneko langile otzan eta produktiboak prestatzen ari al gara? Nolako pertsonak hezten ari gara? Nolako pertsonak gara hori gertatzen uzten dugunak?

Energiei buruzko hitzaldi batean jakin berri dut Hego Euskal Herrian bizi garen bezala bizi ahal izateko, hau da, gure kontsumo maila bermatzeko, gurea bezalako 2,65 planeta beharko genituzkeela hornitzeko urtero. Hori entzun dudanean, pentsatu dut beharbada geure buruei ere halaxe eskatzen diegula, %100aren bikoitza. Eta, sarritan, haurrei ere direna baino 2,65 aldiz gehiago exijitzen diegula, ahal dutena baino 2,65 aldiz gehiago; hori ezinezkoa dela jakin badakigun arren, Lur planeta bakarra delako eta gure bizitza ere bakarra eta mugatua delako. Baina isilik onartzen dugu guztia, ez gara kexatzen eta hurkoa bezain egokia eta arrakastatsua izaten saiatzen gara.

Eta zalantzarik balego, musukoa jarri diegu umeei txikitatik ikas dezaten isilik egoten eta agindutakoa betetzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide