Sorpresak eta ziurtasun lausoak

Erabiltzailearen aurpegia Irene Elortza 2021ko api. 27a, 08:06

Irene Elorzak apirileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Sorpresak eta ziurtasun lausoak'.

Lagunak gonbitea egin zidan: "Martxoaren 13an nirekin etorriko al zinateke lagun batek Arantzazun eman behar duen kontzertura?". Artean, mugikortasuna oso mugatua geneukan eta ezin zen Azkoititik Oñatiraino joan, baina baietz esan nion. Arantzazura joatea beti da plazera. Baina inoiz egin ez dudana egitea erabaki nuen, eta ez nion galdetu nolako kontzertua ikusiko genuen. Interneten ere ez nuen begiratu. Sorpresa izatea nahi nuen. Eguna gerturatu zen, eta askatasun pixka bat berreskuratu genuen. Larunbat arratsalderako plan ederra genuen. Autoan gindoazela laguna misterioa aletzen hasi zen. Asier Li izeneko musikariaren sormen lana entzutera gindoazen. "Horrela bizitzeko bildumaren laugarren alea da gaur aurkeztuko duten Euri lauso baten tanta finen. Abesbatza eta organorako konposizioz osatuta dago hori". "Organo" hitza entzun nuenean apur bat ikaratu egin nintzen, eta aurpegiko keinua aldatu zitzaidala aitortu behar dut, baina laguna autoa gidatzen zihoan eta ez zen konturatu. Jarraitu zuen misterioa argitzen lagunak: "Crowdfunding bidez finantziatu da proiektua, eta gaurko emanaldia Fredi Pelaezek grabatuko du. KEA abesbatzak eta Ana Belen Garcia organo-jotzaileak interpretatuko dute Arantzazuko santutegian".

 

"Organoa" hitza entzun nuenean apur bat ikaratu egin nintzen.

 

Kontzertu aurreko kafea hartzen ari ginela, mugikorra kontsultatu eta datu gehiago eman zizkidan lagunak: "Asier Lopez Iraolaren –Asier Li– egitasmoak sexu eta genero nortasunaren inguruan egiten du hausnarketa. Horretarako hainbat pentsalari feministen lanak ikertu eta haien ideiak trinkotu ditu hainbat konposiziotan, bildumak duen narratibotasuna utzi gabe. Hala nola Simone de Beauvoir, Judith Butler, Silvia Federici, Martha C. Nussbaum, Angela Davis, Monique Wittig, Virginie Despentes eta beste hainbat". Hori bai ezustekoa! Aurpegiko keinua berriro aldatu zitzaidan, zeharo.

Sartu ginen santutegian eta eseri ginen aurrealdeko eserlekuetan. Atera ziren dozena bat abeslari eta abesbatzaren zuzendaria. Isiltasuna hedatu eta hasi zen emanaldia. "Gor-pu-tza e-rai-kun-tza bat da. Lo-tsa ni-re men-pe-ko-ta-su-na ba-bes-ga-be-ta-su-na haus-kor-ta-su-na", harmonikoki errezitatzen hasi ziren hamabi ahots miresgarriak, gizarte txiki baten oihartzunak balira bezala. Sentsibilitate sakonago eta askeago bateruntz urrats bat gehiago egiten ari den gizarte baten ahotsa entzuten ari nintzela iruditu zitzaidan. Eta Arantzazu bezalako indar femenino telurikoa duen toki batean gertatzea ez zitzaidan ustekabekoa iruditu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide