Hamabi zatitxo

Erabiltzailearen aurpegia Irene Elortza 2019ko urr. 28a, 10:25

Irene Elorza Gereñok urriko Maxixatzen aldizkarirako egindako iritzi artikulua: 'Hamabi zatitxo'

Igande goiza aukeratu genuen kuadrillan mendira igotzeko. Gutako batek gidari lanak egingo zituen, Izarraitz aldea guk kalea bezalaxe ezagutzen duela aprobetxatuta. Aittolara iritsi baino lehen dagoen bidezidor batetik abiatu eta ibilbide desberdin bat egitea proposatu zigun. Betiko bidetik atera eta baso eta –galtzeko arriskurik gabe– paraje ezezagunak urratzeko aukera genuen; nola esan ezetz gonbidapenari?!

Hego haizea lagun, eguna disdiratsu esnatu zen eta gure umorea ere halaxe zegoen. Aldapan gora baso ederra zeharkatu genuen, batzuk isilik eta ahal zuenak, berriketan. Handik gutxira, Loiolako Santutegiko kupularako erabilitako materiala atera zuten harrobi baten paretik igaro ginen. Zulo haren dimentsioak hain ondo ezagutzen genuen gangarekin parekatu genuen eta irudikapenak txundituta utzi gintuen. Pixkanaka, paisaia ezaguna egiten hasi zitzaigun. Xoxotera zihoan jendearekin topo egiten hasi ginen eta, konturatzerako, Ixkitturrin geunden ur feskoa edaten. Erlorako bideari ekin genion, bero galdatan, eta halako batean zapaldu genuen tontorra. Itzulia luzatu nahian eta toki ezezagun gehiago deskubritu gosez, bideari ekin genion.

Eskuin aldera itsasoa ikusten genuen, Itziar, Zumaia, larreak, industria… Jakko nekatzen hazia zen eta itzala aurkizten zuen bakoitzean etzan egiten zen, lau hankak luzatuz. Bat-batean, gure gidariak urruneko puntu batera erakarri zuen gure arreta: “Aranzadikoak!”. Arkeologo talde bat zegoen lanean, pixkat aurrerago. Indusketa txiki haren paretik igaro ginenean agurtu egin genuen lantaldea. Kuriositateak jota, begira geratu ginen lagun guztiak. Haietako hizlariena guregana zuzendu eta ea tokia gertutik ikusi nahi al genuen galdetu zigun.

Ez genuen aukera galdu nahi izan. Aldapatxoa jaitsi eta indusketa eremuaren inguruan gelditu ginen, zutik.

Ez ziren Aranzadikoak, argitu ziguten. Azpeitiko Antxieta Arkeologia Taldeko kideak ziren. Haietako hiru oso gazteak ziren; beste biak, berrogeita hamarrak beteak. Azaldu zigutenaren arabera, igandero goizeko 08:00etan egiten zuten hitzordua mendira igo eta lanari ekiteko. Bazkaltzeko ordura arte aritzen ziren bilaketa lanetan, batzuetan ia alferrik eta igande hartan bezalako egunetan, zorte handiarekin. Orain dela milaka urte bertan bizi ziren gizaki batzuen aztarnak ikertzen ari ziren. Harriz egindako egitura bat lurrazaleratzen ari ziren, eta egun horretan bertan, zeramikazko ontzi batena izan zitezkeen hamabi zatitxo aurkitu zituzten metro koadroko azalera batean. Emozioz beteta kontatzen ziguten guztia, pasioak gainezka eginda. Mirari txiki bat zen beraientzat. Guk, begiak zabal-zabalik, poltsa banatan sartutako eta ondo sailkatutako zatitxo haiei begiratzen genien, miraria hobeto ulertu nahian edo. Baina inoiz ez genuen sentituko aditu haiek bizi zuten zirrara. Horretarako, altxor horien esanahia sakonean ezagutu beharra zegoen.

Bisita gidatu zoragarriaren ondoren, arkeologoak lanean pakean uzteko garaia iritsia zen eta agur esan genien. Aterpetxerantz bazkaltzera gindoazela, arkeologo haien grinak eta jakinduriak inbidia ematen zigula komentatu genuen. Aterpetxea eta ingurua jendez gainezka zeuden. Mahaiaren inguruan eseri ginen zazpi lagunak eta txakurra. Bazkariaren zain geundela zera pentsatu nuen: han zeuden guztien artean nik ezagutzen nituela nire lagunen historia eta balioa. Nire altxor partikularraren zazpi zatitxoak zirela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide