Esango nioke

Erabiltzailearen aurpegia Irene Elortza 2017ko ira. 14a, 09:43

90 urte bete ditu aurten, eta Azkoitiko Udalak adin horretara ailegatzen diren herritarrei egin ohi dien omenaldia jasoko du, dena ondo bidean, andramaixetan. Familia han izango du, betiko moduan, familia handia osatu eta zaindu duelako bizitza osoan zehar.

Nerabea zela galdu zuen aita, eta behar baino lehenago galdu zuen semea ere. Bizitza ederrak halakoak ere baditu. Baina inoiz ez da pertsona tristea izan. Umore Ona elkartekoa zen, ez alferrik! Pasaiako neska lirain bezain kementsu batekin maitemindu zen (mutilzahar izateko bidean nahikoa aurrera zihoala) eta bost seme-alaba hazi zituzten. Familiaz gain musika izan da bere bizitza luzearen oinarria. Hamabi urterekin debutatu zuen txistulari bezala, aittittekin, Marixan eta San Isidro egunez. Azkoitiko Txistulari Taldeko kide eta Udal Musika Bandaren zuzendari izan da 50 urtez baino gehiagoz, eta gazte askoren maisu izateko denbora ere izan du.

Txanbolin. Juanito. Aitte. 1927an jaio zen eta aurten 90 urte bete dituzten azkoitiar horietako bat da. Bizitzak film estatubatuar horien antza balu, andramaixetako omenaldiko bazkalostean zutitu egingo nintzateke eta, kopari tin-tin-tin jo eta gero, denen aurrean esango nioke inoiz ezingo diodala behar bezala eskertu gugatik, nigatik, egin duen guztia. Bizitza emateaz gain, hainbat lezio ere eman digulako eta ematen jarraitzen duelako.

Esango nioke eskertzen diodala hain gizon sentibera izatea. Umea nintzenean barre egiten banion ere Errealak gola sartu eta begiak malkoz betetzen zitzaizkiola ikusten nuen aldiro. Denborarekin ulertu nuen sentimenduz betetako gizona zela eta batzuetan gainezka egiten ziotela, eta begietatik atera. Eta hori ez dela txarra ere denboraren poderioz jakin dut. Kontrakoa, hain justu. Sentiberatasun horrek eraman zuen musika hainbeste maitatzera, seguru asko. Eta musikaren bitartez bere herriarekin konpromisoa hartzera ere barne sentimendu horrek bultzatuko zuen. Esango nioke etxean denbora gutxi ematen bazuen ere (txistua, banda, entseguak, kontzertuak, lana, Umore Ona, txikiteoak eta abarrak tarteko) gurekin igarotzen zuen denbora hain ederra zela ez dudala inoiz ahaztuko. Santa Engrazi, San Pelaio, Santutxu, Haro, Salou…. Zoriontasunarekin lotutako gure lekuak ziren eta izango dira, betirako.

Esango nioke badakidala zenbat lan egin duen guregatik. Imajinatu dezakedala batzuetan asko kostatuko zitzaiola eta, hala ere, aurrera egin zuela beti. Bizitzan lan asko egindakoa da, belaunaldi hartako gehienak bezalaxe, baina beste hainbeste gozatutakoa ere bada aitte. Hori ere transmititu dizkigun balioen artean dago, inongo testamentutan jasoko ez den arren.

Esango nioke bizirik nagoen artean ez dudala ahaztuko bizitzan eman didan aholku bakarra: elkar maitte! Ez zen agindua. Ez zidan esan momentu berezi edo transzendental batean, baina niri arrastoa utzi zidan.

Esango nioke hau guztia eta gehiago, baina bere antz handiegia daukat eta asko kostatzen zait sentimenduak aurrez aurre hitzez esatea. Agian norbaitek irakurriko dio testu hau. Nik neuk behintzat ezingo dut, zeren eta emozioek gainezka egiten didatenean begietatik ateratzen zaizkit. Eta eztarria ixten zait, eta ezingo diot esan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide