Arkimedesen printzipioa

Erabiltzailearen aurpegia Irene Elortza 2015ko mai. 5a, 10:21

"Fluido batean sartutako gorputz orok, kanporatutako fluidoaren pisu bereko bulkada bertikal bat jasango du goraka".

Urte osoan miseriazko soldata baten truke lanean jardun ondoren, maletak bete eta kotxea hartuta abiatu da Salourantz. Ez dauka diru gehiegirik oporretan gastatzeko, baina anaiak utzitako apartamentuan astebete pasatzeko adina baduela erabaki du, eta deskantsatzeko eskubidea aldarrikatzera joan da. Tokitan geratu dira udako oporraldia Kuban, Brasilen edo Indonesian igarotzen zituen sasoiak, diruak eta ametsak. Garestiegi jarrita dago bidaiatzea, turismoa egitearekin konformatu behar. Baina ez da kexatzen. Lana badu, eta astebete itsasertzean gozatzeko aukera ere irabazi du aurten ere.

Apartamentura iritsi, argindarrari eman eta urari bidea zabaldu dio. Maletak desegin eta herriko supermerkatu merkeenean egindako erosketak sukaldeko apaletan barreiatu ditu. Bainu bat hartzeko tenorea iritsi dela erabakita hondartzara jaitsi da, plastikozko txankletak jantzita. Desberdin nabaritu du plaia. Itsasbeheraren ordua beharko luke, baina mareagora dagoela ikusi du. Txosnak eta etzaulkiak ohi baino atzerago kokatuta daude, ia pasealekuko paretaren kontra jarriak. Inguruko jendeak normaltasunez jokatzen du, eta ez da bera izango asaldatzen lehena. Uretara sartu da. Besteetan baino hotzago dagoela iruditu zaio.

Mediterraneoak urte sasoi honetan eskaintzen duen berotasun abegikorraren arrastorik ez, tamalez. Igerian hasi da, eta itsas barrura joan da, hareatzatik gero eta urrunago. Nekatu denean, hilarena egiten hasi da. Betidanik gustatu izan zaio ur gainean ahoz gora flotatzea, lasaitu egiten du. Beltzaran jartzeko lehen urratsa da, gainera. Ondoren, toajan etzanda atzeko aldean kolore apur bat hartuko duela pentsatu du. Baina bat-batean, eskuarekin zerbait ukitu du. Ikaratu egin da. Ez da medusa bat, ez du minik sentitu behintzat. Burua altxatu eta hantxe ikusi du: hilotz bat. Pertsona gazte baten gorpua da ahuspez dagoena. Beltzarana da.

Mediterraneo itsasoa Mare Nostrum zen garaian, gure lur bakarreko itsaso anitzek marinelen eta suiziden gorpuak besterik ez zituzten hartzen. Orain, bizitzea helburu bakarra duten lehorreko gizakiak irensten ditu egunero. Errefuxiatuak, etorkinak, euren buruei etsitzeko luxua ezin opa diotenak dira, igerian ez dakitenak, hamaika gudaldiri aurre egin ondoren uraren kontrako borrokan azken hatsa ematen dutenak.

Gurutze Gorrikoei parte eman eta apartamentura bueltatu da. Oso urduri dago. Dutxa bero luze bat hartu du, baina ezin du kendu barruko hotza, ezta eskutik barrena sartu zaion min sakona ere. Maletak bete ditu, eta jatekoa poltsetan sartu du, ostera. Traste guztiak kotxean sartu, eta etxerako bidaiari ekin dio. Gidatzen ari dela, umetan eskolan ikasi zuen Arkimedesen Printzipioa ezin du burutik kendu: “Fluido batean sartutako gorputz orok, kanporatutako fluidoaren pisu bereko bulkada bertikal bat jasango du goraka”.

Sizilian jaiotako matematikari eta geometrikari greziarrak ez zukeen sekula pentsatuko bere printzipioa hain krudela izan zitekeenik. “Gorputz batek, goranzko bultzada bertikala jasaten du, eta hau, likido desplazatuaren bolumenaren pisuaren berdina da. Murgildutako gorputz handi batek bultzada handia jasango du; gorputz txiki batek berriz, bultzada txiki bat”.

Etxera itzuli denean, telebista piztu du. Ez du pentsatu nahi. Baina albistegiak itsasoaren urdin hotza ekarri dio begietara: 2015eko urtarriletik apirila bitartera 1.600 lagun hil dira Europarako bidean Mediterraneoa gurutzatzen, dio kazetariak. Hasi da eguraldi ona.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide