Arduraren errua

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Elezgarai 2022ko mar. 14a, 16:18

Imanol Elezgaraik otsaileko Maxixatzen aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Arduraren errua'.

Aurrekoan gertuko pertsona batek aurpegiratu zidan COVID-19aren pandemiagatik etxean gelditu izana, parrandara edo tabernara ez ateratzea: "Ez bizitzea". Bada, hala diot: bururaino nago ausazko egoera honetan esandakoa egin, eta hala ere, albo kalteak ordaintzeaz; bi urte galdu izanaren errudun izateaz.

Azkenengo bi urteotan pasatu gara nork bere burua ez medikatzeko entzutetik, norbera mediku, erizain, aztertzaile eta epidemiologo izatera. Osakidetzak dagoeneko gehiago du Ikeatik osasun sistematik baino. Ospitaleak goraino omen, baina urrian 4.000 osasun- langile sobratu zitzaizkion Jaurlaritzari, ondoren jubilatu eta boluntarioak eskatzeko, eta neurri salbatzaile modura kanpoaldean maskararen erabilera ezartzeko, izara santua balitz bezala.

Orain, datuak, antza, behera doaz —Madrilgo erara positiboak zenbatzeari utzi zaiolako hemen ere, besteak beste— baina bizitza mugaturik dugu oraindik ere. Eta horren aurrean, zuritorako eskubidea kentzen zaigunean soilik ernegatzen gara. Norbaitek azaldu beharko dit, hortaz, azken bi urteotan arduratsu izan izanaren ardura norena den, errua ez baita nirea izan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide