Apreteu

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Elezgarai 2021ko mai. 6a, 08:08

Imanol Elezgaraik apirileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Apreteu'.

Sakatzeko, estutzeko. Hala eskatu zien Quim Torra Kataluniako presidente ohiak Errepublikaren Defentsa Batzordeetako (CDR) kideei orain dela bi urte Sant Julià de Ramis (Girona) herrian bere aurka manifestatzen zebiltzala. Ez da ohikoa instituzio bateko buruzagia kontrako protesta bat suspertzen ikustea, baina Torrak bazekien edonolako fenomeno sozial eraldatzailek –Kataluniako prozesu independentista kasu– aurrera egingo badu, kaleak martxan behar duela. Beharrezkoa da herritarrak antolatzea eta egitura propioak sortzea, botere politikoen eta mediatikoen bide- orrietatik kanpo euren bidea egin dezaten.

Herrian ere, hamaika urteren ostean, hainbat gazte antolatu dira eta Azkoitiko Gazte Asanblada sortu dute. Krisi sozial, politiko eta ekonomiko honetan, non botere ekonomikoei sistema mantenduko duen gizarte atomizatua komeni zaion, garrantzitsua da honelako talde autonomo, anitz eta eraldatzaileak sortzea. Arerio ekonomiko eta politikoek kontsumitzaile otzanak bazkatu nahi dituzte. Eredu horren aurka formatu eta lan egingo duen gazteria antolatua ezinbesteko kontrapisua da, beraz, apreteu!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide