Genealogisten festa

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Aranbarri 2020ko aza. 16a, 07:44

Iñigo Aranbarrik 'Berria' egunkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Genealogisten festa'.

Eskurik esku dabil bideoa. Heldu da Joe Biden kazetari artera eta hauetako batek «hitz bat» eskatu dio, BBCrako. Bat ez, hiru eman dizkio presidente hautatu berriak: «BBCrako? Irlandarra naiz!». Ateraldi zorrotza britainiarren amorragarri eta irlandazale askoren pozgarri. Pasadizoa gera liteke hortxe, edo jarraitu auskalotzen zer gertatuko zen erantzutera: «Irlandarra? Baina noizkoa, zure birraitonaren Irlandakoa ala gaur egunekoa?». Loturak askorako ematen du. Genalogistek Tipperary konderrian kokatu dute zero gunea, Ballina herrian, 1851ean, gosearen begi-begian. Bost zortzirenetan neurtu dute Bidenen irlandar odola. Hemerotekatik, luze gabe atera da Gerry Adamsek Bidenekin 2017an egindako argazki bat. Eta nola ez, izan da Bidenekin beste Kennedy bat ikusi duenik.

Emaztearen arbola ere aztertu da disekzio mahaian. Birraitona ez, aitona zuen Jilly Tracy Jacobsek Europatik joan zena. Domenico Giacoppo zuen izena, eta Gesson sortua zen, Sizilian. Giroak zertuta bera ere, etxafuegoak ahoan mintzatu da Messinako alkatea: «Oso harro gaude italiar-amerikar bat delako AEBetako presidentearen lehen dama. Gonbidatu nahi dugu, hartara bere jatorriko usadio kultural, gastronomiko eta artistikoak ezagutuko ditu».

Berria egunkariak argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide