Lagun izoztezina

Erabiltzailearen aurpegia
Lagun izoztezina

Iñigo Aranbarriren aste honetako iritzia:

Sarrionandiaren geografiei buruzko hitzaldi baten aitzakian itzuli naiz azken asteetan aspaldiko irakurketa batera. Argitaratu zenetik neraman bueltatu gabe Lagun izoztuaren eremuetara, hamazortzi urte. Hasi eta batera etorri zaizkit ordukoak. Hantxe segitzen zuen frankismopeko Kalaportuk, norberak bizi izandako kontzientzia hartzearen gune. Baina Goio Ugarteren bakardadeak lotu nauenean, neurri gabean berritu zait durduzamendua. ETAko militante ohi bat Nikaraguan, erbestearen zuloan gero eta itoago. Deskribapen lilugarrietan galdu naiz, gogoeta zorrotzek harrikatu naute. Zenbat hitz, ertz, koska bidean, Ugarteren jaitsieran lagun. Hondoratzen, erotzen, tropikopeko sukarretan izozten ari den bihotz bat, garai batean sua baino beroagoa izan zen hura bera. Sendatuko da Goio, baina Antartikara egingo duen espedizio zientifikoak ez nau onbideratu. Arthur Gordon Pym-ekoa gogorazten didan itsaso jelatuak ez dit bakerik ekarri. Sinboloz, keinuz, irakurketaz beteriko liburua izaten segitzen du; ez da heroirik Lagun izoztuan. Baina bai konstataziorik: askoz gehiago hurreratzen da nobela giza kondiziora ETAko militanteei buruzko mila artikulu baino.

Jarraitu irakurtzen BERRIAn argitaratutako iritzia loturan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide