Minotauroaren erresuman

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Aranbarri 2017ko urr. 23a, 12:09

Ez nintzen berehalakoan ohartu martingalaz. Beharbada supermerkatuko kutxa ondoan paratzen dituzten txipi-txapetan du sorburua, zain gaudela begien aurrean jarri ohi dizkiguten amuotan, izan hauek pila, goxoki zein umeentzako kromo koloretsu. Piezak biltegitik norberak hartu eta etxean batbederak muntatu beharreko trasteen errepublika independentekoa izan nuen, baina, lehen abisu serioa: ez dio ardura zein den zure asmoa, nahi duzuna nahi duzula, ezinezkoa baita zuzenean produktua dagoen tokira heltzea aurretik kilometro eta erdiko ginkanatik igaro gabe.

Labirintoa da, Kretakoaren aldean gaiztoa, beren-beregi diseinatua bost minutuko erosketa arratsalde pasako esperientzia ezinago akigarri bilaka dadin. Teseoren mataza ez duzu beharrezko. Berek lagunduko dizute irteerara iristen, han duzulako Minotauroa zain. Larunbat arratsaldea ebatsi dizu, baina premiazkoak dituzun trepetak inork behartu gabe erosi dituzula sinetsita zoaz etxera.

Gaur egun, ez dakit aireportu handirik dagoen hegazkinetik jaitsi ahala zuzenean ategabeko denda artetik pasarazten ez zaituenik. Gasolindegietan sartzeak beldurra ematen du. Nahi duzu urdaiazpikorik, bost litroko olio poterik? Ofertan dauzkagu. Ez zaude behartuta, librea zara. Esan gabe doa, esango ez dizulako, Minotauroa bihotza eskatzen ari zaizu.

Jarraitu iritzi artikulua irakurtzen BERRIAn.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide