Jungla

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Aranbarri 2016ko aza. 2a, 09:03

Jungla deitzen dute oihana ez delako, are gutxiago basoa. Basoan Txanogorritxoren amona bizi zen lehen, baina ehiztariek otsoa hil zutenetik zidorrez josi dute jendearen asteburuetako ibiliek. Basoan onddoak daude, GRa nondik doan erakusten duen markatutako arbolak eta egur ustiaketan dabiltzan kamioientzako pistak.

Eta oihana ere ez da, ezen oihana Irati da, euskal exotismo bat, Bedaxagarren zuhainen negarra, edo entziklopedietako hori bestela, esploradoreena, Tarzanena, bere tximu, tigre, anakonda, gorila, krokodilo eta abarrarekin. Oihana, azaldu zidan Laidaren lagun batek behin eskolako patioan, Afrikako basoa da.

Horrexagatik ez da Calaiskoa ez baso eta ez oihan. Calais Europan dago, eta abenturak egunero izanagatik —ez dira ba izango milaka lagun badaude zain Mantxako kanala kosta ahala kosta nola igaroko—, menturazaleak ez dira ez Stanley ez Livingston deitzen. Jungla da oihana baino are zikinago delako, sastraka da, sasipea, saparra, zakardia, basalarrea. Arriskua, gutxi da. Piztiek ere ez dute izenik junglan, Tarzanenak haurrentzako maskotak dira hangoen aldean. Hori guztia eta gehiago esan nahi du jungla hitza aukeratzen duenak Calaiseko kanpamenduei deitzeko. Junglako legea zibilizazioaren orden moralaren antonimoa da.

Jarraitu iritzia irakurtzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide