Atzeko patioko istorioak

Erabiltzailearen aurpegia

Guantanamo Infernua, deitu zion 2009an bere erreportajeetako batean Jon Sistiaga kazetariak, ohi duen krotxetaz, Guanatanamo okupatuan Ameriketako Estatu Batuek duten base militarrari. 2002tik ari dira erabiltzen, batez ere Afganistanen gatibu hartu zituzten pertsonen gordeleku izan dadin. Gordeleku, ezin infernuago baitaude lege hutsune batean, eta non egokiago AEBek euren lurraldetzat ez duten ezleku horretan baino.

Bidegabekeriaren irudi bera transmititu digu oraindik orain Mikel Reparazek EITBrako Guantanamotik bertatik egin duen erreportaje lanean. Preso bakartuak, epaitugabeak, elkarrizketatu ezin dituenak inondik ere, eta kartzelazainen atzaparra uneoro kazetariaren gainean, zentsura etengabean. Benetako laidoa ofizioari. Irla uztera doala, itsaso zilarreztatua dirdirka, zer geratzen zaio Reparazi idaztearen mendekua baino. Gauza gutxi munduan analogia baino indartsuagorik: «Hirurogei urte lehenago itsaso hori bera zeharkatuz Gerald Lester Murphy pilotu estatubatuarrak Jesus Galindez euskal herritarra Trujilloren Dominikar Errepublikara eraman zuenean bezala. Hurrengo geltokia: tortura eta heriotza. Baina hori munduko demokrazia handienaren atzeko patioko beste istorio bat da. Beste bat baino ez».

Jarraitu iritzi artikulua iraurtzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide