Orain ez

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Aranbarri 2015ko ira. 15a, 16:57

Orain da unea, diote han. Ez da momentua, arrapostu hemen. Eta ohartzerako denboraren ardatzean gabiltza harat-honatean, oso ongi ez dakigula non harrapatuko gaituen iluntzeak eta noiz biharko goizalbak, hain gauzka despistatuta orain horrek. Ikasten dugun arteko ibilaldia da, hala ere, eta nahikoa da belarriak garbi izatea konturatzeko.

Protesta gisa lanuzteren bat deituta dagoenean, berehala ateratzen den figura da oraineztarra. «Ez da greba egiteko unea», esango du, denbora mendean duenaren irmotasunez. Ez «ez dugu inoiz greba bat deituko». Eta norberaren aldean jantzia delako ekonomian, edo politikan, edo dena delakoan, neure artean: esango duzu bada noiz den unea. Eta ehoko ditu denborak bere errotarrian asteak, eta hileak, eta urteak, eta beharbada beste biderik ezean, edo originaltasun faltan, deituko da beste protesta egun bat, eta han aterako da atzera ere denboraren jauna: «Ez da greba egiteko unea». Eta konturatzerako joana da politikatik, eta enpresa handi batean omen dago, edo beste batean, ez txikiagoan, goian hemen, edo gorago han. Eta gu zain, noiz esan behar duen «orain da unea». Ez du, ordea, egundo esango. Esango ez duen bezala «ongi egin dute». Injustizia nabarmenaren aurrean oraineztarrak nabarmendu beharra baitu, eta horrexegatik du patentatua esaldia: «arrazoi dute baina ez da era egokiena bizi duten egoera salatzeko». Zein den manera hori, zaude lasai. Zaudela zain.

Jarraitu irakurtzen Iñigo Aranbarrik Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide