Betiko gaitik ihesean

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Antsorregi Dierez 2020ko abe. 12a, 08:56

Iñigo Antsorregik azaroko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Betiko gaitik ihesean'.

— Kaixo, Iñigo! Zer zabiltza ba?

— Aupa, Iñigo. Ba hementxe… Maxixatzenerako iritzi artikulua idatzi behar dut, baina ez dakit nondik hasi ere…

— Eta hori?

— Ba gaur egun, baita kulturan ere, hizketarako gai bakarra dagoelako! Edo hala iruditzen zait niri… Berrogeita piko urte pasatu dituzte zineman Gerra Zibilaren inguruko filmak egiten. Orain, beste 40 pasatuko ditugu birus alu honen inguruko istorioak kontatzen. Birusa eta E.T.A, horiek izango dira hemendik aurrerako gai bakarrak fikzioan.

— Esajeratu halakoa…

— Ez naiz esajeratua. Kultur orrialdeak ireki eta "Kultura COVID garaian. Nola egin aurre birusari sorkuntzatik?" bezalako artikuluak aurkitzen ditut. Birusaren aurretik dena ondo balego bezala! Horrelako zerbait idatzi behar ote dut bada nik ere?

— Beno… Edo ez. Lehen fikzioa aipatu duzu. Ikusi duzu ezer aspaldian?

— Tira… Alardea eta Patria jarraitzen ari naiz.

— Zer moduz?

— Patriaren inguruan… Ideologikoki, nahiago dut amaiera arte itxaron. Lehengoan, baina, barrez jardun nuen. Euskararen presentzia nahiko urria da: "Kaixo", "agur" eta manifestazioetako esaldi tipiko eta topikoetan bakarrik agertzen da. Baina, halako batean, herriko apaizak sekulako defentsa egiten zuen euskararen inguruan… Gaztelera hutsean! "Nork errezatuko dio gure Jainko maiteari gure hizkuntza maitean?", zioen. "And I think that’s beautiful" esatea bakarrik falta izan zitzaion. Hori bai, aktoreak oso ondo daude.

— Eta Alardea?

— Ba poza ematen dit horrelako gai bat maite eta miresten dudan horrenbeste jenderen eskutik telebistan ikustea. Nik ez dut Twitterreko bidea hartu nahi. Denbora guztian akatsak bilatu nahi hori… Zein erraza den fikzioa kritikatzea, errealitatean ditugun arazoak ekiditen ditugun bitartean.

— Eta zineman? Ikusi duzu ganorazko ezer?

— Ba begira, aspaldian gutxi, baina zerbait bai. Akelarre eta Nunca, casi nunca, a veces, siempre filmak gustatu zaizkit gehien. Bestalde, Tenet sasiintelektuala eta Woody Allen-en azken film pedantea aurreztu izan banitu hobe.

— Woody Allen pedantea?

— Intelektuala dela erakusteko bost edo sei zuzendariren izenak etengabean errepikatzen dituen zinema ikasle baten gidoia zirudien. Horrekin dena esaten dizut.

— Tira, tira… Aizu, eta herriko kultur eragileak zer? Ez duzu ezer esan behar beraien inguruan?

— Bai, noski. Baina ezin dut asko sakondu. Ezin izan ditut zuzenean ikusi. Bulegoren kontzertua eta K-baret ikuskizuna ikusteko amorratzen nago, ordea. Poza ematen dit herrian horrenbeste talentu egoteak.

— Konturatu zara, ezta?

— Zertaz? Horien talentuaz? Noski. Agerikoa da.

— Ez… Azken lerro hauetan ez duzu birusaz hitz bakar bat ere egin.

— Hara! Egia! Baina itxaron… Nola dakizu hau dena idazten ari naizela?

— Meta-literatura… Baina esan nahi dudana da: gai bakar bat da nagusi azkenaldian gure inguruan, izan tabernan, telebistan edota familiako bazkarietan. Baina bada esperantza! Zeren zinema, antzerkia, telebista fikzioa, literatura eta zuzeneko ikuskizunak hor egongo dira beti zerbait desberdina eskaintzeko! Edota errealitatea inork baino hobeto islatzeko, hori ere izan daiteke…

— Arrazoia duzu!

— Egin dezagun topa kulturarengatik!

— Sentitzen dut. Hamalau hilabete daramatzat alkohol tantarik edan gabe.

— Ups…

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide