Aurreraka?

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Antsorregi Dierez 2017ko uzt. 5a, 10:17

Madrilen. Gidoigintzako kurtso batean hasi naiz. Neure burua aurkeztu behar dut. “Kaixo, ni Iñigo naiz eta euskalduna naiz”. “Aiba la ostia, Patxi”, erantzun dit andereñoak. Guztiok barre egin dugu. Klase amaieran, bere komentarioa gaizki ez hartzeko esan dit.

“Sinpatia handia transmititzen didazue euskaldunek, horixe zen dena. Ez nuen zuen kontura barre egin nahi”. Ocho apellidos vascos filmaren eraginez omen da. “Lasai”, erantzun diot. “Euskaldunok urte pila bat daramagu geure buruaz barre egiten. Baina tira… Lehen guztiak ETAkoak omen ginen, orain denok Patxi. Aurreraka goazela dirudi”.

“Aurreraka” esan dut. Bueno… batzuk bai. Beste batzuk ez.

Handik aste batzuetara, Twittersare sozialean sartu naiz. Trending topic-etako gai komentatuenetako bat honako hau: #BoicotGuardianInvisible. Ez dut ezer ulertzen. Gaian klikatu dut.

Dirudienez, euskal emakumezko aktore batek, umorezko saio batean, espainiarrei buruz hitz egitean, kateto baten irudia etortzen zaiola esan du. Berriz diot: umorezko saio batean. Ez dirudi sare sozialen erabiltzaile askok graziarik aurkitu diotenik. Sutan daude. Beraien Espainia eta espainiar maiteez gaizki hitz egiten? Nola ausartzen da?... Tankera horretako txioak.

Pasatu da denbora, eta guztia ahaztu da (edo hala dirudi, zeren, Internetek botere osoa duen garai hauetan, delako biralitateak bi egun besterik ez du irauten. Gero jendeak beste zerbait bilatzen du, horri barre egiteko edota kritika zorrotzekin zapaltzeko).

Baina Twitterrensartu, eta beste gai bat, oso antzekoa gainera: #BoicotLaCasaDePapel. Oraingoan, beste euskal emakumezko aktore batek dispertsio politikoa salatu du bideo batean. Ba, hori ere ez zaie batere gustatu Twitterreko “moralistei”, eta telesaila boikotatzeko eskatu dute. Haien txio guztiak ere oso antzekoak: “Actriz proetarra bla, bla, bla…”.

Gidoigintzan gertatu zen anekdotatxoa eta Twitterren ikusitako kontu guztia ikusi ondoren, hainbat ondorio atera ditzaket:

1.- Denek ez, baina askok oraindik euskaldun guztiok zaku berean sartzen gaituzte. Euskaldunak izateagatik terrorista hutsak gara (ez beraiek bezala, jendea etxebizitza gabe uzten duen alderdi politiko bati botoa ematen dioten heroi nazionalak).

2.- Non dago euskal aktoreek merezi duten adierazpen askatasuna? Izan ere, desagertzen ari delakoan nago (oso jokabide ona izan du Euskal Aktoreen Sindikatuak kasu hauekin, eta babes guztia adierazi nahi diet lerro hauen bidez).

3.- Jarrai dezatela telesail eta filmak boikotatzen. “Boikotatutako” bi lanek sekulako audientzia eduki zuten (eta, zorionez, garbi utzi zuten atzean gelditu diren “pertsona” horiek gutxiengoa direla, besterik ez).

4.- Txio bat irakurri nuen behin, eta ezerk baino hobeto laburbiltzen du esan nahi dudana:

Katalanak xuhurrak dira.

JAJAJA.

Euskaldunak terroristak dira.

JAJAJA.

Espainolak…

E! ERRESPETUA. BIZIKIDETZA. UMOREAREN MUGAK.

Ba hori…

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide