Medikuntza naturalaren gorabeherak

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Albizuri Alkorta 2016ko uzt. 14a, 09:55

Medikuntza naturalean ezagutzen den dokumenturik zaharrena k.a. 2800. urtekoa da, eta Txinakoa da. Nahiz eta medikuntza mota hori munduko beste herrialde batzuetan ere landu eta garatu zen garai hartan, ez da beste dokumentu idatzirik aurkitu, baina badakigu egon badaudela; Indiako Ayurbeda medikuntza, adibidez. 

Euskal Herrian ere mendez mende eta ahoz aho pasatu da medikuntza naturalaren inguruko ezagutza ugari. Horrela, esan daiteke munduan zehar dauden medikuntza jakituria ugariak Txinakoa bezain garrantzizkoak direla.

Orain dela ez urte asko, dena medikuntza naturala zen, esperientzian oinarritutakoa, urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi igarotako jakintza. Gizakiak bere gaixotasunei aurre egiteko erabili ditu sendabelarra, janaria, eguzkiaren indarra eta esku masajeak. Horrela, gizakiak aurre egin du mendez mende. Tamalez, medikuntza naturala iruzurrez erabili izan da askotan, eta, horren ondorioz, mesfidantza sortu eta kalte ugari egin da. Baina, azkenaldian, medikuntza naturala berpizten ari da: milaka terapia agertu dira, batzuk zientzian oinarritutakoak, besteak oraindik ebidentzia zientifikoaren bila dabiltzanak. Hala ere, kontuan izan behar dugu edozein arlotan berpiztea gertatzen denean momentu aparta izaten dela iruzurrari bide emateko. Ondorioz, okerrik ez dezagun izan, gomendagarria da oinarri sendoa duen adituren batengana joatea gure beharrak asetzeko.


Medikuntza naturalaren markoa prebentzioa eta sendabidea dira. Hala ere, kasu askotan komeni da naturala konbentzionalarekin batera joatea. Kontuan izan behar dugu, era berean, medikuntza naturala ez dela egokia larrialdi kasuetan erabiltzeko.


Gaur egun, medikuntza konbentzionalak izan duen garapen teknologikoa kontuan hartuta, oso baliagarria da naturalean ere erabiltzeko, eta, pertsonen osasunaren onura lortzeko, bi jakintzak eskutik joatea da egokiena.
Naturopatiaren oinarriak honako hauek dira: dietaterapia, fitoterapia eta hidroterapia.


?Dietaterapia: barietatea, sinpletasuna, neurria eta antioxidatzaileen ezarketa.

?Fitoterapia: belarren onurak eta eragin kaltegarriak. Adibidez: ginkgoa (zirkulazioaren bizigarria), hiperikoa (antidepresibo naturala), anis berdea (gosea irekitzeko, bronkioak garbitzeko eta digestiorako).

?Hidroterapia: gorputza aktibatzeko edo lasaitzeko.


Hala ere, gaur egun, gizarteak eta gizakiak dituzten krisi ugariak eta gabezia pertsonalak kontuan izanda, indar handia hartu dute terapia energetikoek, zeintzuek asko lantzen baitute gizakiaren alde emozionala eta existentziala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide