Ainara Epelde: "Gero eta katalanagoa sentitzen naiz"

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Alberdi 2016ko mar. 13a, 08:38

"Gero eta katalanagoa" den euskalduna da, baina ez du ahaztu jatorria zein duen. 2007tik bizi da Katalunian Ainara Epelde (Azkoitia, 1984). Odontologia ikasketak EHUn amaituta joan zen, eta odontologia neurofokalean espezializatu zen han. Alor horretan ari da lanean, "gustura, kultura ezberdinen artean nahastuta".

 

Zerk eraman zintuen Kataluniara?
2007an iritsi nintzen. Karrera amaitu eta Hondurasen kooperazio proiektu batean parte hartu ondoren, bizitzako beste fase bat hastera nindoan, eta Bartzelonara jo nuen. Hemen, lan esperientzia lortzeko eta ikasketekin jarraitzeko aukera handia zegoela eta, lana eta ikasketak uztartu nituen. Orain, Matarón bizi naiz, Maresmeko hiriburuan.

Erraz moldatu al zara?
Kataluniara erraz moldatu naiz, bertako jendeak eskuak zabalik hartu nauelako. Zailagoa izan da lan mundua: hor ez dut laguntzarik jaso, eta neure erara asko ikasi behar izan dut.

Gaur egun, zertan ari zara?
Dentista lanetan nabil Mataróko zenbait hortz klinikatan. Odontologia holistikoan, neurofokalean eta bioenergetikoan ari naiz lanean, eta baita ohiko hortz tratamenduen alorrean ere.

Kataluniartzen ari den euskalduna zarela esan al daiteke?
Bai, gero eta katalanagoa sentitzen naiz, eroso bertako baten moduan. Hala ere, neure jatorria ez dut ahazten, eta beti esan ohi dut Azkoitikoa naizela, dudarik gabe. Hemengoek, askotan, bilbotartzat hartzen naute.

Kataluniako gizartetik zerk erakartzen zaitu gehiena?
Kulturen arteko nahasketa eta aberastasuna nabarmena da. Pentsaera irekiagoa dutela esango nuke, eta ezberdinen artean bat egiteko joera ere badute, casteller-en antzera. Izan ere, askotan, elkartzen gaituen hori bereizten gaituena baino handiagoa da.

Euskal Herria eta Katalunia: zertan gara berdin? Eta ezberdin?
Norbere hizkuntzaren, kulturaren eta politikaren defentsan gara berdinak, identitateaz harro gauden bi herri. Gainera, uste dut bietan indar handia dutela auzolanak eta giza proiektu kolektiboek ere. Bereizten gaituen zerbait esatearren, katalanak oro har eskuzabalagoak dira kanpokoak integratzeko orduan, eta euskaldunak, berriz, hitzeko pertsonak.

Katalanez bizi al zara?
Bertako gehienak elebidunak direnez, batzuekin katañol gisako nahasketa bat egiten dut. Hirietan integratzeko ez da ezinbestekoa katalana menderatzea, baina herrietan bizitzeko ezinbestekoa da bertako hizkuntza ulertzea behintzat.

Kataluniako egungo garai politiko-historikoa bete-betean bizitzen ari al zara?
Bai, eta ilusioz erreparatzen diet gaur-gaurko berriei komunikabideetan. Azken urteetako Diada egunak, azaroaren 9ko erreferenduma eta hauteskundeak gogoz bizi izan ditut, eta sarri hitz egiten dut politikaz. Kontziente naiz aldaketaren garai historikoan gaudela.

Kalean, eguneroko bizimoduan, nola daramazue prozesua?
Egunero nor bere lanean, arazoetan eta aisian murgilduta ibiltzen gara, baina egun seinalatuak gerturatzean asko nabaritzen da sentimendu independentista, estelada-k nonahi jartzen baitituzte eta kaleko giroa berotzen baita. Baina prozesua luzea eta zaila izaten ari da, eta hasi besterik ez da egin, gainera.

Zer ekarriko zenuke Kataluniatik Euskal Herrira? Eta Euskal Herritik Kataluniara?
Kataluniatik bertako eguraldia eramango nuke, eta Euskal Herritik, berriz, euskara, bertsolaritza, musika, poteoa... Euskal kultura ekarriko nuke.

Etorkizuna non ikusten duzu?
Auskalo. ‘Hemen eta orain’ bizi nahi dut, etorkizunaz gehiegi kezkatu gabe.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide