Ez dakit

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Etxaniz 2017ko aza. 17a, 13:29

«Hemen bezela inun ez dek bizitzen!». Horixe esan zidan batek baino gehiagok atzerrira bizitzera nindoala esan nienean. Eta, hara non, hori esaten zidatenak ez ziren hain zuzen zazpi kontinenteetan hara eta hona ibilitakoak, Aizpurutxotik pare bat aldiz justu-justu pasatutakoak baizik.

Gizakiongan arlo guztietan maizegi sumatzen dudan jokabidearen adibide bat besterik ez da. Ez jakin eta ziurtatu. Gainera, paradoxikoki, zenbat eta gutxiago jakin, orduan eta konbentzituagoa izaten da norberaren sineskera.

Azken finean, norberak usaindu, ikusi, entzun, ukitu dituen gauzen gain soilik esan dezake nolabaiteko jakintza duela. Beste guztiak zalantzaren etiketa izan beharko luke lagun, zeharkako informazio iturrietatik etorria izaki. Baina ez, zalantzan jarri beharrean eta «ez dakit» esan beharrean, sinesgarritasuna ematen diogu, gure morbo, interes edo auskalo zeren arabera.

Eskala txikian, hau da, herri mailan, txutxu-mutxuak dira zeharkako informazio iturri nagusi. «Omen huan», «omen zaukek» eta «omen dek». Hemen, gainera, gauza kurioso bat gertatzen da: beti albiste txarrak direla. «Kantzerra omen zaukek» eta «separau ein omen dituk» dira albisteen izarrak.

Eskala ertainean, hau da, eskualde, probintzia, estatu, komunitate eta abarretan, komunikabideak, sare sozialak eta abar ditugu. Denok dakigu denek inpartzialetik gutxi dutela, baina egon lasai, gure inkontzientea arduratuko da fidagarritasuna emateaz.

Eta, azkenik, eskala handia dugu, zenbaterainoko eskala duen ere ez dakigun unibertso hori. Hor, gure ezjakintasun maila desproportzionala da. Baina mugagabeko ezjakintasun horri erantzuteko sortu ziren erlijioak. Eta hemen arazoa fededunek euren sinesmena egiatzat hartzea izan ohi da.

Zergatik kostatzen zaigu «ez dakit» esatea?

Bere burua jakituntzat duenaren bidea labur geratu ohi da, beste biderik arakatzeko beharrik ere sentitzen ez duelako. Ezjakintasunaren kontzientzia dutenek, aldiz, ikuspegi irekiago bat azaldu ohi dute. Bide onena zein den ez dakitenez, berauek ezagutu eta aztertzeko joera dute. Kuriositateak bultzatutako bideetan barna, bidezidor gehiago eta gehiago ager daitezke. Eta bidea eginez konturatzen dira Sokratesek zioena egia dela: zenbat eta gehiago jakin, ezer ez dakizula jabetzen zarela. Dakizun gauza bakarra ezer ez dakizula dela. Greziako pertsonarik jakintsuena kontsideratzen omen zen, besteekin alderatuz bere ezjakintasunaz jabetzen zelako soilik.

Horregatik, gero eta gehiago atsegin dut «ez dakit» esaten duen jendea. «Ez dakit» horrek, hasteko, umildadearen bertutea ematen diolako dioenari. Eta umildadeak bidelagun onak dakartzalakoan nago. Pentsaera irekia, jakin-mina, sosegua. Bai, sosegua diot, zeren ezjakintasunaren jabe izateak nolabaiteko lasaitasuna ematen baitu, beste aldarte bat.

Behin musikako irakasle batek esan zidan:«Ona naizela uste dudan bakoitzean Espainian zehar joaten naiz umiltasun sendaketa bila. Eta otzan-otzan bueltatzen naiz». Futbol entrenatzaile batek ere honako hau esan omen zuen beste taldeko entrenatzaileak prentsaurrekoan bere taldea askoz hobea zela adierazi zuenean: «Denok uste dugu munduko emazterik ederrena dugula, ogia erostera ateratzen garen arte».

«Gizateriaren arazo handiena, tentelak guztiaz ziur eta adimentsuak zalantzaz beteak daudela da», Bertrand Russell.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide