Haizie burun ta ibili mundun

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Etxaniz 2015ko eka. 16a, 12:45
Argazkia: Azkoitiko Parrokiaren kanpandorrea.

Astegun buruzuri normal batetako arratsalde normal bat. DEAN tabernako arkupetan. Azkoitiko plazara begira, bizitza nola doan ikusiz. Haurrak jolasean eta jendearen joan etorri etengabea. Gaur ez gara ari mundua konpondu nahian, ohikoa den bezala. Gaur solasaldi lasaian gaude, betiko eztabaida sakon eta sutsuen ordez. Sistema, multibertsoa, anarkia, komunismoa…

 

Bost segundoko isiltasun une batean, aurrez aurre dudan kanpandorre puskara begira gelditu naiz, eta inguruan ditudanei honakoa galdetzea otu zait: Zuen ustez kanpandorre gainean dagoen haize-orratzak zer adierazten dik, haizea NORA doan edo NONDIK datorren? Eta hara non, erdiek haize-orratzaren geziak NONDIK datorren adierazten duela erantzun didaten eta beste erdiek justu alderantzizkoa, NORA doan adierazten duela. Nire inkesta partikularra jende gehiagorengana zabaldu, eta guztiek ere iritzi kontrajarriak dituztela ikusi dut. Eta gainera gehienek erantzun okerra ematen dute, hau da, haizea NORA doan adierazten duela, zeren haize-orratzek haizea NONDIK datorren adierazten dute. Nahasmen honen arrazoia telebistako eguraldiaren mapetan aurki dezakegula konturatu naiz. Horiek, haizea mendebaldetik baldin badator, gezien puntak ekialdera begira jartzen baitituzte.

Kontu horrek hausnarketarako beta eman dit. Ba al dakigu nondik gatozen, zein den gure historia? Eta nora goazen, zein izango ote den gure etorkizuna?

Hauteskunde urtea dugu aurtengoa. Zeinek irabaziko du? Ezkerrekoek edo eskuinekoek? Ba al dakite zer den eskuina eta zer ezkerra?

Batzuk ezkerrekoak direla uste dute, baina eskuindar eskuinekoena baino eskuinekoagokoak dira izatez. Besteak eskuinekoak direlakoan daude, baina “barrio sesamo”–ko ezkerra eta eskuina besterik ez dituzte ezagutzen. Ezker, eskuin eta horrelako kontzeptuek zentzu gutxi dute gaur egun, eta herri mailan are eta gutxiago. Herritarrei ideologia ezberdintasunak orokorrean bost axola zaizkiela iruditzen zait. Alderdi politikoak zer dira azken finean? Elkarren aurka matrakan ibiltzen diren artaldeak. Bai, artaldeak diot, zeren harrigarria egiten baitzait batzuen zein besteen aldetik nola gai guztietan artalde osoa ados egoten den. Berdin dio hondakinak izan, etorkinak izan, edo txorizo egosia eta txistorraren artean aukeratu. Alderdikide denak, denarekin ados daude. Miraria? Ez, noski. Horrelakoak gara. Behin irakurri nion Punset dibulgatzaileari, pertsonek talde baten partaide diren momentutik, talde horretako partaidetza sentimendua dutela oinarri, euren ideia eta printzipioen gainetik. Arrazoia galanta.

Ez dakit haize-orratz politikoak aldaketarik jasango ote duen edo ez, baina, dena delakoa ere, erdarazko esaera batek dioen bezala, inoiz ez du euria denen gustura egiten.

Hego haizea, epela, beroa eta zakarra izan daiteke. Mendebalak, euria ekarri ohi du gurera, Ekiak, haize kontinentala, lehorra eta hotza. Iparrak, elurra ekar dezake, baina udaran baita freskotasun ederra ere. Arazoak haize bero eta hotzak bortizki nahasten direnean sortzen dira. Orduan ezagunak zaizkigun eta gure herrialdearen bereizgarri diren galerna ospetsuak sortzen dira. Ba hoixe,  haizie burun ta ibili mundun.

Artikulu hau Iñigo Etxaniz azkoitiarrak idatzi zuen Maxixatzenen 343. aldizkarirako. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide