'Prezio Justua' lehiaketa jarri du martxan Herrixen elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Herrixen merkatari elkartea 2020ko urr. 5a, 15:45
Rural Kutxan dago erakusleihoa ikusgai.

Urriaren 25era bitartean Herrixen merketari elkarteko dendetan erosketak egiten dituzten herritarrek kode bat jasoko dute trukean. Rural Kutxan jarri duten erakusleihoaren prezioa asmatu beharko dute parte hartzaileek preziojustua.eus webgunean dendariek emandako kodea erabilita.

Herrixen merkatarien elkarteak, Azpeitiko Bertan eta Zestoako Zestoan elkarteekin bat eginda, 'Prezio Justua' lehiaketa antolatu du. Hainbat produktuz osatutako erakusleihoa osatu du, eta bere prezioa asmatzen duen herritarrak, edota bere baliotik pasatu gabe gehien hurbiltzen denak, erakusleihoko produktu guztiak irabaziko ditu. Herriko merkataritza "dinamizatzeko" eta saltoki desberdinetan topa daitezkeen "produktuen erakusleiho gisa" antolatu du Herrixen elkarteak 'Prezio Justua' lehiaketa.

Azkoitian asmatu beharreko prezioa Rural Kutxaren bulegoko erakusleihoan ikusgai dauden produktuena izango da. Erakusleihoan, besteak beste, honako produktuak aurki daitezke: telebista bat, elikadura otarreak eta artikulu teknologikoak.

Lehiaketan parte hartzea oso erraza da. Gaurtik urriaren 25era bitartean herriko saltokietan erosketak egin ondoren, kodedun txartelak banatuko dituzte dendariek. Txartelean bertan agertzen diren pausoak jarraituz, jokoan parte hartzeko aukera izango dute erosleek. Honako hauek dira pausoak:

  • Sartu www.preziojustua.eus webgunean.
  • Aukeratu herria.
  • Sartu datu pertsonalak eta txartelean agertzen den kodea.
  • Bota prezioa.

Oso garrantsitsua da parte hartzeko erabili den kodedun txartela gordetzea. Urriaren amaieran jakinaraziko ditu merkatari elkarteak irabazleak, eta, horrekin batera, erakusleihoen balio zehatzak.

Zorte on parte hartzaile guztioi!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide