Ikasturte biribila Xabier Munibe Haurreskolan

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Munibe Haurreskola 2019ko uzt. 18a, 08:29

Bukatzear dagoen ikasturte honetan zehar Xabier Munibe Haurreskolako haurrak mugimendu libreaz eta beren autonomiaz baliatuz, jolasean eta esplorazioan harremanak garatzen joan dira. Kanpoko espazioaz gozatzeko aukera handiak izan dituzte, estalpe berriari esker. Kanpoko espazioan mugimendu libreaz eta naturaz gozatzeko helburuarekin, aurrera doa, beraz, haur eskolako proiektua.

Uztailean, haur eskolako ibilbidea amaitzen duten haurrei 'agur eta ondo izan' esaten diegu. Plazer handia izan da beraien bizitzako etapa garrantzitsu horretan bidelagun izatea. Bestalde, aurtengo ikasturtean haur eskolako haurrak Xabier Munibe Ikastolara bisita egin dute lehenengo aldiz. Bi urteko gelak eta irakasleak ezagutzera joan dira, harrera aldia hobeto eramateko asmoz eta zubi lanak eginez.

Datorren ikasturtean gurekin jarraitzen dutenei, berriz, 'gero arte' bat soilik esaten diegu eta aurreneko aldiz etorriko diren haur eta gurasoei 'ongi etorri' handi bat.

Matrikula garaiak irekita jarraitzen duela gogorarazi nahi dugu. Halaber, aurrerantzean, behin matrikula formalizatu ondoren, bi astera emango da haurraren matrikulazio onarpena.

Edozein zalantza duenak haur eskolatik pasatu daiteke, uztailaren 22ra bitartean. Haur eskolako telefonoa, berriz, hau da: 943 080 737.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide