Haurrenganako errespetuan oinarrituz hezten

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Munibe Haurreskola 2016ko mar. 8a, 10:51

Azkoitiko Xabier Munibe Haur Eskola 2004. urtean zabaldu zen, eta Haurreskolak Partzuergoaren sare publikoan dago. Haur eskolako zerbitzua goizeko 07:30etik arratsaldeko 17:00etara arte dago zabalik, eta gurasoak nahi duen ordutegia egin dezake tarte horretan, betiere legeak agintzen dituen zortzi orduak gainditu gabe. Bestalde, malgutasuna dute haur eskola ixteko ordua beharraren arabera atzeratzeko.

 

Haur eskola 8 gelaz osatua dago, eta 0-2 urte arteko haurrentzat da. 0-1 urtekoen gela gehienez zortzi haurrez osatua egoten da, eta 1-2 urtekoen gela hamahiru haurrez. Bakoitzak une oro bi hezitzaileren laguntza izaten du. Horrez gain, aire zabaleko bi espazio handi ditu, eta baita psikomotrizitatea lantzeko gela bat ere.


Haurrarenganako errespetua

Urte hauetan, bertako hezitzaile taldeak hobetu egin du lan egiteko modua, hainbat prestakuntza jaso baititu eta horrek ematen duen esperientziaz baliatu baita. Lan ildo horren oinarria haurraren ongizatea bermatzea da, hau da, haurra haur eskolan lasai, seguru eta pozik sentitzea. Horretarako, haur bakoitzaren beharrak asetzen saiatzen dira, bakoitzaren erritmoa errespetatuz.
Haurraren erritmoa arlo guztietan errespetatzen dute: atsedenean, jatorduetan, higienean, baita mugimenduan ere.


Jarduera autonomoa
Haurrak, bere kasa "atseginez eginez", esperientzia ezberdinak bizitzen ditu eta horrek garapen motor nahiz kognitibo orekatua lortzen laguntzen dio.

Haurrak momentu oro jolas librean ibiltzen dira, eta hezitzaileek espazioa eta materiala hainbat modutan aurkezten dute. Haurraren garapenaren arabera, era askotako materialak eskaintzen dituzte: hondar kutxa, jolas heuristikoa, aurre jolas sinbolikoa, altxorraren saskia… Haurra, gauzak manipulatuz, “ikasten” ari da une oro.


Harreman afektibo pribilegiatua
Helduaren eta haurraren arteko interakzio momenturik garrantzitsuena gorputz zainketan datza. Momentu horietan (pixoihala aldatzean, jatean…), haurra eta heldua elkar ezagutzen hasten dira. Hezitzaileak haurrari adierazten dio nor den, zer pasatzen zaion, zer egiten dion eta berak zer egiten duen, bere ingurunea zein den eta abar. Horrela, haurrak beraren eta ingurukoen kontzientzia hartzen du.


Aire zabaleko bizitza
Xabier Munibe Haur Eskolako hezitzaileek garrantzi handia ematen diote aire librean eta naturarekin harremanetan bizitzeari. Garbi dute kanpoko espazioan dabiltzan haurrak ikasten ari direla.
Gure ingurunean eragin dezaketela ikasten dute, gauzak alda daitezkeela, eta, aldi berean, ekintza zehatz batean kontzentratzen ere ikasten dute.
Nahi den emaitza lortzeko arrazoitzen ikasten dute, eta sortzaileak izanik egoerei orijinaltasunez aurre egiten; gaitasun hori ezinbestekoa da une oro aldatzen dabilen mundu honetarako.
Bide horretatik, haurren garapen orekatua eta osoa lortzea dute helburu, eta horretan dihardute eguneroko jardunean.

Azkoitia Auzmendi bidea, z/g
Tel. 943 08 07 37 azkoitia.azkoitia@haurreskolak.eus

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide