Zazpi Kurutze, gutxitxo

Erabiltzailearen aurpegia Julen Garate Azpitarte 2018ko eka. 5a, 15:33

Edadean aurrera goazenoi (bide batez adierazi nahi dizuet ez zaidala zuzena iruditzen edadetu izena adin batetik gorakoei bakarrik jartzea; zaharrak esatea agian itsusia izango da, baina hiru urteko haurrak ere edadea badauka, berdin hamalauko gazteak edo berrogeiko helduak) duela gutxira arte miresgarria iruditzen zitzaigun bi urtean behin egiten den Zazpi Kurutze proba kuttuna bukatzea. Nik ez dut inoiz egin, baina beti izan dut gogoa egiteko. Zoritxarrez, gaur egun erabat gutxietsi ditugu horrelako probak, Azkoitia inguratzen duten mendi malkartsuak igotzea Loiolara bidegorritik pasieratxoa egitea bezain erraza balitz bezala!

Ni gazteago nintzen garaian, irteera goizeko zazpietan izaten zen, ordu aproposa nire ustez. Nire kuadrillako batek baino gehiagok egin izan zuen, ordutegia aldatu zuten arte. Orain, gaueko lauretan abiatzen dira. Zuei normala iruditzen zaizue mendiragaueko lauretan abiatzea? Lehen hiru mendiak ilunpean igo behar, buruan bidea argituko dizun frontala ipinita. Bestalde, ahalik eta azkarrena bukatu behar, zerikusirik ez lehengo mendi ibilaldi luze eta patxadatsuekin. Ahalik eta azkarrena, ahal bada proba guztia antxintxika egin, eta goizeko hamar eta erdiak inguruan iristen dira lehen partaideak. Horrelako proba bat sei ordu eta erdi azpitik amaitzeazuei normala iruditzen zaizue? Partaide batek baino gehiagok proba hau beste luzeago batzuk prestatzeko entrenamendu bezala hartzen du. Zuei normala iruditzen zaizue 55 kilometroko proba bat «entrenamendu» bezala hartzea?

«Entrenamenduaren» ondoren etorriko dira Hiru Handiak eta osterantzeko xtreme guztiak. Egun bakarrean, bitan edo hirutan egin beharreko probak, ia lorik egin gabe, horiek ere ahalik eta azkarrena. Zuei hori ere normala iruditzen al zaizue?

Antzemango zenuten bezala, niri ez zait inondik inora normala iruditzengorputza horrenbeste behartzen duten esfortzuak normaltzat hartzea, are gutxiago goraipatzea.

Komunikabideetan oro har, eta bereziki Maxixatzenen, gero eta aipamen gehiago ikusten ditut xtreme proba hauetaz. Argitaratutako artikulu baten erantzunean aurkako iritzia azaldu nuen, ziurrenik ez modurik egokienean. Horrek proba hauetan aritzen direnen eta haien ingurukoen haserrea eragin zuen; horren adierazle da gaueko ordu txikietan xtreme korrikalari horietako batekin izan nuen berriketaldia.

Horren ondoren, nire inguruan gai honi buruzko iritziak jasotzen hasi nintzen. Aldeko baino kontrako arrazoi gehiago jaso ditut, nabarmen. Hala ere, ez da arazo larritzat jotzen; «bakoitzak egin dezala nahi duena bere gorputzarekin» esaldiak laburbilduko luke gehiengoaren iritzia. Eta horrek nire kezka areagotu besterik ez du egin. Zuei normala iruditzen zaizue anorexia daukan bati ezer ez esatea? Horiek ere beraien gorputzari bakarrik egiten diote kalte. Edo normala iruditzen zaizue egunero zigarro mordoa erretzen duenari medikuak ez erretzeko gomendiorik ez egitea? (Hemen beste «bide batez» bat tartekatu nahi dut: Azkoitiko hainbat tabernatan zergatik erretzen da lasai-lasai, taberna batzuetako zerbitzariek barne, denok jakinik debekatuta dagoela? Legea aldatu zenean zailena egin zen; hasieran ez zuen inork erretzen, eta orain gero eta ordu nahiz taberna gehiagotan).

Zuei hau guztia normala iruditzen bazaizue, neu izango naiz anormala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide