On Bosco jai berezia izango da aurten Floreaga ikastetxean

Erabiltzailearen aurpegia
Iaz, bertsolariak izan ziren On Bosco jaian.

Eskolan hainbat ekintza egingo dira. Igandean, ordea, ikasle ohien talde argazkia eta bazkaria ez dira egingo.

Urtarrilaren 31n On Boscoren jaia ospatu ohi da urtero Floreagako salestarrek. Aurtengo jaia, baina berezia izango da, COVID-19aren pandemiagatik. Astean zehar 'Egun on' saio bereziak izango dira, eta On Boscori buruzko bideo laburrak ere proiektatuko dira. Pastoraltza departamenduan bideoak prestatu ditugu, eta horietan Jesus Aranbarri salestarrak, Laura Murillo Floreagako irakasleak eta Juan Inazio Sudupek On Boscori buruzko mezuak emango dituzte.

Bihar, urtarrilak 28, On Boscori buruzko kartelen lehiaketa egingo da. Eskuz paperean marraztutako edo ordenagailuz diseinatutako kartelek lehiaketara aurkezteko aukera izango dute. Lehiaketaren bitartez, ikasgela bakoitzak puntuak irabazi ahal izango ditu. Kartelean, besteak beste, kontuan hartuko dira gaur egungo egoera, Azkoitikoa izatea, On Boscoren esaldi edo hitz garrantzitsu bat jartzea, originaltasuna eta kalitatea. Halaber, banakako sariak ere banatuko dira. Talde batzuk kartelak egiten dituzten bitartean, besteak atariko jolasak egiten arituko dira. 

Ostiralean, urtarrilak 29, 'Egun on' saio berezia egingo da. Haur eta Lehen Hezkuntzan Ekain Txou pailazoaren saio laburrak izango dituzte, ikasgelaz ikasgela, taldeak nahastu gabe. Ondoren, paperezko hegazkinen lehiaketa eta jolasak izango dituzte. Jolas horiek gela bakoitzean ikusiko den filmarekin tartekatuko dituzte. Ostiral arratsaldean, aldiz, atariko eta barruko jolasak izango dituzte Lehen Hezkuntzako ikasleek.

Igandean, urtarrilaren 31n, On Boscoren meza izango da Floreagako elizan, 12:00etan. Aurten ezin izango dute ikasle ohiek talde argazkirik atera eta bazkaria egin, baina guztiak mezetara gonbidatu dituzte On Bosco jaiaren antolatzaileek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide