Urola ibaia garbitzen eta aztertzen

Erabiltzailearen aurpegia Floreaga ikastetxea 2019ko mai. 25a, 12:10

Floreaga Salestar Ikastetxeko ikasleok, Ibaialde proiektuan parte hartzen dugu. Aurten ere, azkeneko hamar urteetan bezala, ibaiko uraren kalitatea, hau da, Urolak eta Urolaren isurkideak, Azkoitiko gune ezberdinetan duten emariaren osasun maila neurtu dugu.

Ikerketa honen emaitzak esanguratsuak badira ere, gure herrian ibai eta erreka ezberdinen zaintzak duen emaitza tamalgarria azpimarratu nahi dugu. Zaborra pilatzen da nonahi eta, nahiz eta behin eta berriro esan, itsasoa plastiko metatze zabortegi ikaragarria bihurtzen ari gara. Badirudi, guk, herritarrok, ezer gutxi egiten dugula egoera hori modu egokienean bideratzeko.

Egon garen guneetako garbiketa egin dugu eta paper edota errefusa gutxi aurkitu badugu, sinestezina da jaso dugun plastiko kopurua. Alferrikakoa da plastikoak ibaira eror ez daitezen sareak jartzea, bertara zuzenean botatzen dutenen ohitura salatzen ez badugu. Bai, esandakoa; bertara zuzenean botatakoak ziren guk aurkitutako plastikoak. Arren, gure eta gure ondorengoen jasangarritasuna jokoan dago. Zaindu ditzagun gure bazterrak!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide