Salestar aisialdiko kluben eta ADS taldeen topaketa Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Floreaga ikastetxea 2017ko mai. 9a, 09:25

Maiatzaren 7an, Azkoitian Salestarren aisialdiko Kluben eta ADS taldeen topaketa ospatu genuen. Aurten Azkoitian izan da festa, Alai Batzaren 30. urteurrenarekin bat eginez.

Duela bost hilabete hasi ginen abentura honetarako prestaketekin, baina azkenean iritsi zen eguna. Goizean goiz elkartu ginen, eta lehen autobusak iristerako dena prest genuen. 11:00ak inguruan iritsi ziren autobusak. Urnietatik, Gasteiztik, Deustotik, Errenteriatik, Gurutzetatik, Iruñeatik, Barakaldotik, Santanderretik, Nueva Montañatik eta San Martinetik etorri ziren haur eta begiraleak. Guztira 800 pertsona inguru elkartu ginen, guztiok ondo pasatzeko eta egunaz disfrutatzeko asmorarekin. Gainera, eguzkiak gure festan parte hartu nahi izan zuen, eta horregatik egundoko eguna osatu genuen.

Iristean, denei hamaiketakoa banatu zitzaien eta ondoren egunari hasiera eman genion aurtengo topaketako lemarekin eta abestiarekin. Hau da, “Bilatu zure aukera” lema izan genuen aurtengo eslogana. Ondoren, otoitzalditxo bat egin, eta jarraian, Azkoitiko herria gure jolastokia bihurtu genuen. Jolas erraldoi bat egin genuen herrian zehar. Hainbat txokotan egin genituen jolasak eta Balda Plazan elkartu ginen azkeneko proba erraldoia egiteko. Zer ondo pasa genuen herrian zehar hara eta hona!

Ondoren, indarberritzeko ordua iritsi zen eta bazkaltzera igo ginen Floreaga ikastetxeko pilotalekura. Azkar bazkaldu genuen, izan ere, jarraian zetozen ekintzetan parte hartzeko izugarrizko gogoa geneukan. Arratsaldean zehar tailerrak egiteko aukera izan genuen, hamabi tailer ezberdin. Bost puzgarritan ere ibili ginen: zezen mekanikoan, guaypaut-en, jumping, toboganean, giza futbolinean,… Musikaz gozatu eta dantzan ere aritu ginen.

Azkenik, egunari bukaera borobila emateko, azken une bat izan genuen. Bertan, etxe bakoitzeko batek aukerak bilatu behar direnaren inguruko esaldi batzuk irakurri zituzten, eta klub bakoitzerako oparitxo bat ere jaso zuten. 18:00ak aldera, autobusetan sartu eta denak etxera itzuli ziren.

Egun ederra izan zen, eta eskerrak eman nahi dizkiogu ilusioz eta gogo handiz parte hartu zuten haur eta begirale guztioi. Eskerrik asko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide