Euskaraldia 2020

1.114 azkoitiarrek eman dute izena oraingoz Euskaraldian

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia 2020ko aza. 10a, 15:53

Azaroaren 19ra arteko epea dago 'ahobizi' edo 'belarriprest' rola aukeratu eta ariketa sozialean izena emateko. Oraingoz 1.114 azkoitiarrek eman dute izena.

Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da ariketa aurten, eta norbanako bezala – 'ahobizi' edo 'belarriprest' izanez– parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango dugu arigune rolaren bidez.

Azkoitiko euskara batzordeak jakinarazi duenez, gaur-gaurkoz 1.114 azkoitiarrek eman dute izena Euskaraldian. Horiek guztiek online eman dute izena ariketa sozialean. 1.039 azkoitiarrek 'ahobizi' rola hautatu dute, eta 75 herritarrek 'belarriprest' rola. Azaroaren 19ra arteko epea dago bi roletako bat hautatu eta Euskaraldian parte hartzeko. Euskaraldiaren lehen edizioan 2.116 lagunek eman zuten izena Azkoitian.

Izen-ematea

Hainbat modutan eman daiteke izena Euskaraldian: online edo eskuorrien bidez. Online egitea erabakitzen dutenek, Euskaraldiaren webgunean dute izena emateko formularioa. Horrez gain, herrian zehar zabaldu dituzten karteletan dagoen QR kodea ere erabili daiteke izena emateko.

Eskuorrien bidez izena ematea erabakitzen dutenek, aldiz, Elkargunean eta udaletxean aurkituko dituzte eskuorriak eta kutxak. Papera bete ondoren, kutxan sartu beharko da. Gogorarazi dute, ezinbestekoa dela izena ematen duten herritarrek lege-oharra onartzea. Bestalde, Euskaraldiaren txapa Azkoitian jaso nahi duenak formularioaren udalerria atalean 'Azkoitia' idatzi beharko du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide