Ostegunean eta ostiralean jaso ahalko dira Errigoraren udaberriko kanpainako produktuak

Erabiltzailearen aurpegia Errigora 2023ko mai. 9a, 10:31

Errigoraren produktuak hartu behar dituztenek ostegunean eta ostiralean izango dute horretarako aukera, Berdura Plazan. Guztira, 9.000 eskaera baino gehiago jaso ditu Errigorak aurtengo udaberriko kanpainan.

Errigoraren udaberriko kanpainako produktuak ostegunean eta ostiralean banatuko dituzte Azkoitian. Ostegunean, 10:30etik 12:30era bitartean banatuko dituzte produktuak, eta ostiralean, 17:30etik 20:00etara bitartean. Bi egun horietan Berdura Plazan jaso beharko dira saskiak, Rita frutategia zenaren aldameneko lokalean.

Guztira, 9.000 eskaera baino gehiago jaso ditu Errigorak aurtengo udaberriko kanpainan. Euskara, elikadura-burujabetza eta auzolana bultzatzeko sortu zen Errigora, Ager zonaldetik —hots, Nafarroa hegoalde eta erdialdetik— Euskal Herrira, bazterrak erdira tolesteko asmoz.

Balioak ekintzen gidari izan zitezen saiatu da beti Errigora, "norbere ekintzak izaten baitira norbere balioen zuzentzaile", azaldu dute. Orain, gainera, Errigoraren produktuak Errigoraren balioekin estuago lotzeko tresna sortu dute: Errigora Balioak berme-zigilua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide