Azkoititik 1.131,25 euro bideratuko dira Nafarroaren hegoaldean euskara bultzatzera

Erabiltzailearen aurpegia Errigora 2021ko aza. 26a, 08:11

Dagoeneko iritsi dira saskiak Azkoitira, eta bihar, zapatua, eta asteazkena, abenduak 1, egingo ditu Errigorak saskien banaketa Azoka plazan dagoen lokalean.

Amaitu da Errigorako kanpaina, eta aurtengoan ere asko izan dira egitasmo horrekin konpromisoa erakutsi duten herritarrak. Guztira 73 saski saldu dira Azkoitian, eta 4.525 euroko diru sarrera izan dugu. Horietatik 1.131.25 euro zuzenean joango dira Nafarroaren hegoaldean euskara bultzatzeko egitasmoetara. Horrekin batera, eskualde horietako ekoizleek ere bultzada hartuko dute, tokiko produktuak ekoizten eta banatzen jarraitzeko.

Euskal Herri osoan 15.500 saski saldu dira, eta guztira 235.000 euroko laguntza bideratuko da euskararen aldeko egitasmo ezberdinetara. Auzolan handia izan da aurtengoa ere, herriz herri eta eskuz esku egin duguna.

Banaketa egunak

Dagoeneko iritsi dira saskiak Azkoitira, eta bihar, zapatua, eta asteazkena, abenduak 1, egingo ditu Errigorak saskien banaketak. Bihar, zapatua, 11:30etik 13:00etara bitartean banatuko dira saskiak, eta asteazkenean, 11:30etik 13:00etara eta 18:30etik 20:00etara bitartean. Azkoitiko Azoka plazan dagoen ohiko lokalean jaso ahalko dira saskiak.

Iraungitze datari buruz

Pasta Martinelli ekoizleak jakinarazi du saski berdearekin banatuko den pasta pakete batzuen etiketak akatsa izan duela inprimatzerakoan. 1/111021 zenbakia duen lotean iraungitze data atalean agertzen den data produktuaren elaborazio datari dagokio. Lote horien benetazko iraungitze data 2023ko urriaren 11koa da. Pasta Martinellik zuzenean barkamena eskatu nahi izan du akatsagatik. Esteka honetan irakur daiteke ekoizleak partekatu nahi izan duen mezua: Martinelliren mezua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide