Azkoitiko hiru puntutan eta sarean eska daitezke jada Errigorako saskiak

Erabiltzailearen aurpegia Errigora 2021ko urr. 26a, 10:15

Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina abian da joan den larunbataz geroztik. Eskaerak egiteko epea azaroaren 11ra bitarte luzatuko da, eta hilabete amaierarako banatuko zaizkie saskiak eskatzaileei. Azkoitian hiru puntutan egin daitezke eskaerak.

Udazkenero moduan, Euskal Herriko bazter guztietan zabaldu da egunotan Errigorako kanpaina, baita Azkoitian ere. Nafar hegoaldeko produktuekin osatutako saskiak eskuratzeko aukera izango dute aurten ere azkoitiarrek. Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina joan den larunbatean hasi zen, eta azaroaren 11ra bitartean egongo da saskiak eskatzeko aukera. Saski beltzaren, berdearen eta zuriaren artean aukeratu ahal izango dute herritarrek.

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Agerra –Nafarroa hegoaldea eta erdialdea– du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanez, euskaratik, euskararako eta euskaraz. Egunetik egunera gero eta zabalagoa den komunitate batek ematen dio gorputza ekimenari; ilusioz eta anbizioz ari garen herritar, nekazari, ekoizle, euskaltzale eta kontsumitzailez osatutako sare anitz batek. Gure txikitasunetik herrilan handi bat gauzatu nahi dugu, Nafarroak Euskal Herria behar duelako eta Euskal Herriak Nafarroa behar duelako.

Euskarari puzka

Bi kanpaina nagusi egiten ditu urtero Errigorak. Udaberrian, Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura: bertako oliba-olio birjina estra eta kontserba sortak Euskal Herri osoko etxeetara banatzen ditugu bertako ekoizpena eta ekonomia sustatuz. Udazkenenean, aldiz, aurten urriaren 23tik azaroaren 11ra, Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka: Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara eramaten ditugu, eta, auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen ekonomiko garrantzitsua egiten zaio (saski bakoitzaren balioaren %25). Ekarpen hori ezinbestekoa da zonaldeko ikastolentzat eta AEK euskaltegientzat, baita sare publikoan D eredua sustatzeko dinamikentzat ere. Gainera, Agerraldia egitasmoaren iturburua eta sostengua ere bada.

Eskaerak, hiru puntutan

Azkoitian, Hizki nahiz Lujan papertegietan eta Azkoitiko AEK euskaltegiaren bulegoan egin daitezke eskaerak. Puntu horietan guztietan informazio zehatza izango dute eskaera egiteko asmoa duten herritarrek. Gune horiez gain, Errigoraren webgunean ere egin daitezke eskaerak

Saskiak azaroaren amaieran iritsiko dira herrira, eta hurrengo egunetan egingo zaie banaketa eskatzaile guztiei, bai herrian eskatu dutenei, bai sarean eskatu dutenei. Saski horien salmentarekin lortzen den diruaren %25 Nafarroa hegoaldearen euskalduntzea bultzatzeko erabiliko da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide