Errigorako olioa, kontserbak eta arroza eskatzeko azken egunak

Erabiltzailearen aurpegia

Nafarroako euskalgintza eta ekoizleak laguntzeko Errigoraren kanpaina ostiral honetan amaituko da.

Azkoitiko hainbat puntutan egin ahal izango dira produktuen eskaerak: online errigora.eus webgunean edo Azkoitiko hainbat tokitan banatuko diren eskuorriak beteta: Hizki papertegian, Lujanen, Biziloren, AEKn eta Orekan.

Apirilaren 10ean olioaren bila pasatu beharko da, eta maiatzaren 29an kontserben bila. Berdura Plazako lokalean banatuko dira kaxak, goizetan, 11:30etik 13:00etara eta, arratsaldetan, 18:00etatik 19:30etara. Ordainketa produktuak jasotzean egin beharko da.

Eskaintzak azken urteetako ildoa jarraituko du, baina aurtengoan bi berritasun nagusi izango ditu kanpainak: arroza eta kamisetak. Kamisetak olioarekin batera banatuko dira, marka ikustarazteko zein komunitatea indartzeko asmoz (5 euroan eskainiko dira). Arroza, berriz, kontserbekin banatuko da, baina online bakarrik eskatu ahal izango da, stock mugatua baita.

Tokiko produktuak kontsumitzeak dituen onurak azpimarratuko dituzte kanpaina berri honetan, urrunetik produktu horiek ekartzeak ingugiroan eta sozionomikoki sortzen dituen arazoak azaleratuz. Ikusi aurtengo kanpainarako prestatu duten bideoa:



5 urte joan dira Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainaren lehen ediziotik. Ordutik 240.000 litro olio eta 700.000 ontzi kontserba baino gehiago banatu dira eta, iaz, 6.500 sukaldetan egin zen bat kanpainarekin. Baina, zenbakietatik harago, maite dena elikatzea da kanpainaren balio nagusia. Eskatu Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba zein arroz-sortak martxoaren 7tik 22ra eta elikatu ezazu maite duzuna, zeuk ere.

 

5 urte bertakotasuna elikatzen

5 urte dira urruneko produktuak gure sukaldeetara ekarri eta bertako produktuak urruneko sukaldeetara eraman ordez, tokiko produktuak gurean merkaturatzen. Izan ere, zertarako ekarriko ditugu zainzuriak antipodetatik hemen bertan primerakoak baditugu? Edo, zertarako joango gara inora gure produktuak saltzera hemen bertan haien gosez dagoen milaka kontsumitzaile arduratsu badugu?

5 urte, beraz, karbono aztarna murriztu eta paisaia mantentzeko bidean. Ekonomia bertokiratu eta lehenengo sektorea eta tokiko elikagaien industria txikia bultzatzeko pausuak emanez. Eta, nola ez, euskal lurraldeen arteko harremanak elikatzen.

 

5 urte auzolana elikatzen

5 urte daramatzagu auzolana balioan jartzen, gauzak bestela egin daitezkeela frogatuz. Borondatezko lanean oinarritutako sareak ehuntzen, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko distantzia laburtuz eta alde bientzat prezio zuzenak adostuz. Izan ere, ezin dugu ahaztu kasu honetan milaka hatz daudela #ESKUTIKeskura.

 

5 urte burujabetza elikatzen

5 urte daramatzagu, beste era batean ekoizteko, beste era batean kontsumitzen. Berandu baino lehen gure elikadura-sistemaren gaineko erabakiak hartzeko gai izan gaitezen pausu txikiak emanez eta, bide horretan, nekazarien eta elaboratzaileen arteko harremana sustatzen.

 

5 urte komunitatea elikatzen

Ekoizle arduratsuak, kontsumitzaile arduratsuak, euskaltzale borrokatuak, herrigintzako lagun nekaezinak… 5 urte daramatzagu desberdinen arteko harremanak elikatzen eta komunitate anitza trinkotzen. Zubigintzan, batzuen grinak besteen egiteko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide