Azkoitiko bi talde Gipuzkoako Herriartekoan

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz Bertsozale Elkartea 2017ko urt. 30a, 10:22
38 taldek eman dute izena, eta tartean daude Erniarraitzen osatu dituen lau taldeetatik Azkoitiko bi.

Hurrengo ostiralean hasiko dira lehen itzuliko 38 saiotako lehenak, Azkoitian, Lasarten eta Zarautzen. Herriartekoa, maiatzaren 27an amaituko da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan egingo den finalarekin.

 

Gipuzkoako Herriarteko txapelketaren aurkezpena egin zuten larunbatean Azpeitiko Sanagustin kultur gunean. Bertan izan ziren Herriarteko hainbat parte hartzaile. Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Mikel Artola eta Eneritz Artetxe, Herriarteko koordinatzaileek eman zituzten ekimenaren gaineko xehetasun guztiak.

Herriartekoarekin, Gipuzkoako herrietako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusarazi nahi dela, azaldu zuen Jauregik. Gainera, “parte hartzaile guztien txapelketa izango da; lehia baino gehiago, gozamena izango da ardatz. Guztiaren oinarria auzolana da”.

Bertsozale Elkartearen funtzioa koordinazio orokorra eta saretze lana izango dira. Antolatzaileak Herriartekoan parte hartuko duten 267 antolatzaile, gai-jartzaile, epaile eta bertsolariak dira. Horien sostengu izango dira Gipuzkoako Gai-jartzaile Taldea, Epaile Taldea eta Elkarteko lan talde teknikoa.

Guztira, 38 taldek eman dute izena, eta tartean daude Erniarraitzek osatu dituen lau taldeetatik Azkoitiko bi. Talde bakoitzak gutxienez sei partaide behar ditu: taldearen ordezkaria, gai-jartzailea, epailea eta hiru bertsolari.

Ondorengoak dira Azkoitiko bi taldeak:

ERNIARRAITZ 2

Bertsolariak: Iñaki Tolosa, Asier Garate "Txibilter", Jokin Sudupe "Pio" eta Unai Izagirre "Attola".

Gai jartzailea: Jokin Landa.

Epailea: Garbiñe Otegi.

Ordezkariak: Irati Artetxe eta Larraitz Iriondo.

ERNIARRAITZ 3

Bertsolariak: Xabier Aldalur, Ugaitz Beristain eta Eneritz Artetxe.

Gai jartzailea: Silvia Etxaniz.

Epailea: Ixabel Jauregi.

Ordezkariak: Iraitz Otaño, Julene Iturbe eta Mailu Irizar.

 

Lehen fasea otsailaren 3tik martxoaren 12ra luzatuko da, eta tarte honetan bi saio izango ditugu Azkoitian, talde bakoitzaren bana. Lehenbizikoa otsailren 3an izango da eta bigarrena martxoaren 10ean. Bi saio hauez gain herritik kanpo beste saio bana jokatu beharko dute taldeek.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide