Bertso afaria San Martinen

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz Bertsozale Elkartea 2017ko urt. 18a, 13:24
San Martingo bertso afaria.

Joan den ostiralean, urtarrilak 13, San Martingo Tintoreixe elkartean bertso afaria antolatu zuen Erniarraitz Bertsozale Elkarteak Gipuzkoako Herriartekoan parte hartuko duten bertsolariak entrenatzeko asmoz. 

 

Erniarraitzetik parte hartuko duten lau taldeetako sei bertsolarik abestu zuten: Iñaki Tolosa, Xabier Aldalur, Ugaitz Beristain eta Jokin Sudupe "Pio" azkoitiarrak eta Jon Ander Iriondo eta Oier Etxeberria azpeitiarrak. Gai jartzaile lanetan Silvia Etxaniz azkoitiarra aritu zen.

40 lagun inguru bildu ziren mahai bueltan, eta sukaldariek prestatutako afaria goxatu ondoren ekin zioten kantatzeari. Ondorengo lanak egin zituzten:

-Ugaitz Beristain eta Jon Ander Iriondok 8ko handian.

-Iñati Tolosak eta Xabier Aldalurrek 8ko txikian.

-Jokin Sudupe "Pio"k eta Oier Etxeberriak 10eko txikian.

-Bina punturi erantzunez Iñaki Tolosa eta Ugaitz Beristain.

-Elkarri oinak emanez Xabier Aldalur eta Jon Ander Iriondo.

-Bakarkako gai banarekin Jokin Sudupe eta Oier Etxeberria.

-Hirunaka koplatako saio bana.

Saioa bukatu ondoren, ikusleen artean hainbat bertsolari zeudenez, kantu giroak luzapena izan zuen. Hau hasi baino ez da egin, eta datozen hilabeteetan izango da bertsoarekin non gozatua. 

Ostiraleko afariaren inguruan ezin aipatu gabe utzi afaria prestatzeko lana hartu zuten sukaldariak eta laguntzaileak, beraz, Erniarraitzen partez eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiegu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide