[IRAKURKETA] Ibarmia Azkoitiko enpresan hildako langilea.

Erabiltzailearen aurpegia Ernai 2017ko ots. 16a, 18:45

Pasaden aste bukaeran jakin berri izan genuen Azkoitiako Ibarmia enpresan izandako istripuan larri zauritu zen gazte langilea zendu egin zela. Aurten hirugarren langilea sistema kapitalistak erailtzen duena. Hirugarren langilea bi hilabete eskasetan. Pasaden urtean 54 langile hil zituzten.

Badirudi jada ohitu egin garela albistegietan titular bera irakurtzeaz. Segidan dudak sortzen dira. Zergatik izango zen? Nola? Noren errua? Galderak galderen atzetik botata amorrua eta inpotentziaren azken puntura heltzeraino.

Esplotazioan oinarritzen den sistema da kapitalismoa. Patronalaren poltsikoak geroz eta mardulagoak izateko diseinaturiko sistema. Langileok erruleta errusiarrean bueltaka. Ea hurrengo istripua non den, ea nor den zerrendako hurrena.

Hitzen gogortasuna ez da ezer egoeraren gordintasunarekin konparatu ezkero. Eguneroegunero kondenatzen gaituzte trajez jantzitako putreek erruletara igotzera. Buruaren atzean pistola. Kexu bazara lasai, badago ordezkatzeko pieza.

Kasu honetan Elgoibarko Betelu enpresako langilea zen, Ibarmiak azpikontratatutakoa. Ibarmia ADEGIko presidenteordearen enpresa da. Esplotazioan bizitzera kondenatzen gaituen ADEGI berbera. Azpimarratu beharra dago enpresa istripua isilarazten saiatu zela eta LAB sindikatuagatik izango ez balitz ahanzturan geldituko zela. Gainera, istripuaren egunean Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia Ibarmia enpresan izan zen. Hau ere isilik. Lagunak beti lagun.

Gazteok, emakume eta etorkinekin batera, sektore zapalduenak gara. Lanerako esku lan merkea. Miseria etorkizun eder baterako pasa beharreko bidea dela esaten digute. Honen adibide besterik ez dira PNVren Eusko Jaurlaritzaren politikak edota EHU eta Lanbide Heziketako lan praktika esplotatzailea. Guztiak ederki diseinatuak daude; gazteak esplotatu, jauntxoa aberastu.

Miseriara kondenatzen gaituztenen aurrean hortzak gehiago estutzeko garaia da. Erailketak guztiak normaltasun baten parte direla sinestarazi nahi digute, prekarietatea bizi beharreko nahitaezko kontu bat. Dei egiten diogu euskal gazteria prekarietatean aurka amorrua antolatzeko. Kalera!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide