Sare metalikoak jartzen, Azkoitia aitzindari

Erabiltzailearen aurpegia Eguzki Erakunde Ekologista 2022ko abu. 2a, 11:20
Ugarte kalean egindako argazkia.

Eguzki erakunde ekologistak herriko ibaiak eta errekak garbitzeko beharra dagoela azpimarratu du, eta salaketa sendoena egin du ingurumenaren aurkako eraso horien aurrean.

Uztailaren erdialdean, Azkoitiko Udalak Kontuak ematen, 2019-2022-Azkoitia aurrera aldizkaria banatu zuen etxeetan. Aldizkari horretan, agintaldian daramanari buruz udalak egiten duen balantzea jaso dute, bultzatu dituen proiektu eta ekintza nagusien balorazioa eginez.

25. orrialdean bere ekintzetako bat jasotzen du, guk erabili dugun izenburu berarekin, eta ondoren, lerro hauekin: "Udala aurreko agintaldian hasi zen sare metalikoak jartzen lurrean egon daitezkeen plastikoak ibaira eror ez daitezen, haizearen edo beste mugimendu baten ondorioz. Sarea lurzoruaren eta barandaren azpikaldean ipintzen da. Azkoitia aitzindaria izan da sare metalikoak ipintzen eta gerora, beste zenbait udalerrik neurri bera hartu du. Udalak urtero jartzen du diru-partida jakin bat, hesiak gune gehiagotara zabaltzeko".

Lau lerrok ez dute askorako ematen, baina horrek gure inguruan gertatzen denaren ideia ez erabat erreala helaraztea eta balantza alde batera mugitzea lor dezake, asmo jakin batekin. Horregatik, informazio pixka bat eman nahi dugu, objektiboagoak eta gertatzen denaz kontziente izan gaitezen, ez bakarrik sareekin, baita gure zaborrarekin ibai-sistemetan ere. Egia da Azkoitia aitzindaria izan dela sareta horiek instalatzen. Era berean, egia da beste udal batzuk ere neurri bera ari direla hartzen. Nahiz eta ibai eta erreka bazterretan hondakinak guztion bistan egon eta arazo berria ez izan, Eguzki "aitzindaria" izan da baranden behealdea zigilatzeko eskatzerakoan.

Joan den agintaldia hasi eta egun oraindik ere partida ekonomiko jakin bat bideratzen da sareak eremu gehiagotara zabaltzeko. Hori, ordea, ez da urtero ehunka metro baranda gehiago ditugulako udalerrian. Baranda metroak, gaur egun eta aurreko agintaldian, berdinak dira. Kasu honetan, ez dugu diru kopuru handirik behar, ezta gutxiago ere. Herri osoan barandak instalatu gabe egoteko erabakia udalarena da, jakinda, gainera, hondakinak nondik iristen diren (nahikoa da ibaira begiratzea). Horrela iristen dira hondakinak ibai-sistemetara Azkoitian. Ikusi bidea, hemen. Eguzkik, besteak beste, Urola ibaiaren ertzetatik eta errekastoetatik jaso ditu honako zabor hauek: snack-bilgarriak, plastikozko poltsak, tabako-paketeak zein bere plastiko-bilgarriak, maskarak, freskagarrien eta garagardoaren latak.

Trino Uria eta Ibaiondo kaleetan (1. eta 9. zenbakien artean), Txalon Erreka errekan (adreilu gorrizko tximiniaren inguruan) eta Aizpurutxo auzoan saretak jarri eta aste batzuetara Eguzki erakunde ekologistak kendu zituen zaborrak kale horien pareko erriberetatik. Gaur egun ere barandak jarrita ez dauden beste leku batzuetan gauza bera egiten dugu, betiere zabor horiek lehenago urak eramaten ez badituzte. Gogoan izan, indarrean dagoen legediaren arabera, "ibilguak garbitzea lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duten administrazioei dagokiela"; bestela esanda, udalei, kaleekin gertatzen den bezala. Orain ere, Altzibar auzotik Juin kalerainoko tartean eta handik bidegorrira doan bidean hondakinak ikusiko ditugu. Horietako batzuk isurketa zuzenak dira (janari-bilgarriak, aulkiak, zapatilak, plastikozko bidoi txikiak...), baina gehienak, ibai ertzetan daudenak, barandaren azpitik iritsi dira. Azken horietako batzuk ez dira ikusten landarediak estali dituelako eta bertan denbora asko daramatelako.

Gure eskaera ez da inoiz sareetara mugatu. Eguzki erakunde ekologistak zonaldeak eta formak proposatu eta ohartarazi zituen. Gainera, gogoratu genuen, herri honetan zabor asko isurtzen dela ibaira, ibai ondoko etxebizitzetatik hasita. Gai horri irtenbidea eman baino lehen aztertu egin behar zutela esna zuten. Ez dakigu ezer horretaz, baina zaila egiten zaigu leihoetatik botatzen dituzten zaborrei irtenbidea aurkitzen ari zaizkiela sinestea; izan ere, gugaz gain, ez dugu inor ibaietatik eta erreketatik zaborrak erretiratzen ikusten. Zaborrak ibaira botatzea lotsagarria da. Gainera, zaborrekin eta ingurumenarekin arazo handi bat dugula adierazten du. Baina horrek badu zerbait "ona". Udalari aukera ematen dio berriro ere "aitzindari" izateko.

Zenbait datu

Martxoan, Azpeitian, ia 6 tona zabor kendu zituzten Urola ibaitik 10 kilometrotan. Zestoako Udalak jakinarazi duenez, 6 kilometrotan beste 6.000 kilo kentzea aurreikusten dute. Legazpin, berriz, ahaztu egin zaigu azken hilabeteetan zenbat ehunka kilo erretiratu dituzten. Zabor tonak ez ditugu gure herrietan bakarrik, eta ez dira ibaira iritsi haizeak bultzatuta, ezta beste herri batzuetatik eramanda ere; isurketa zuzenak dira. Eguzkik salaketa sendoena egin nahi du ingurumenaren aurkako eraso horien aurrean, baina egindako lana ere goraipatu nahi dugu. Kaltea eginda zegoen, baina okerrera joan ez zedin, zaborrak ibaietatik kendu beharra zegoen. Gogoratu, ibaira iristen den guztia itsasoraino ailegatzen dela lehenago edo beranduago.

Azkoitiko ibaietan ez dakigu zenbat zabor tona ditugun, baina daukaguna ez da gutxi, eta beharrezkoa da lehenbailehen kentzea. Azkoitiko Udalari ere eskatu zitzaion, otsailaren erdialdean, ibaiak garbitzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak zabalik zuen laguntza ekonomikoen programa aprobetxatzeko. Udalaren aldetik oraindik ez dakigu ezer horretaz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide