Ugarte industrialdeko kanalizazio batean hondakinak botatzen dituztela salatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Eguzki Erakunde Ekologista 2021ko abe. 4a, 10:02
Eguzkik kanalizazio artifizialetik ateratako zaborra. (Eguzki erakunde ekologista)

Ugarte industrialdeko kanalizazio artifizial batean zaborra aurkitu dutela salatu du Eguzki erakunde ekologistak, eta erakundeei halako kasuetan esku hartzeko eskatu diete.

Duela aste batzuk senar-emazte batzuk Azkoitiko kale batean gugana joan ziren, normalean paseatzen duten industrialdeko isurketez ohartarazteko. "Nola egin daitezke horrelako gauzak erreka batean?", galdetzen zuten harrituta eta haserre. Azaroaren 21ean bertaratu ginen eta arrazoi zutela egiaztatu ahal izan genuen, nahiz eta berez ez den erreka bat, kanalizazio artifizial bat baizik. Hainbat hondakin atera eta hurrengo egunean parte eman genuen Udaltzaingoan.

Beste hondakin askoren artean, honako hauek atera genituen: oinetakoak, ke-kanpai baten karkasa, arropa ugari eta tresna elektronikoak; esaterako, telebista bat, xurgagailu bat, fotokopiagailu bat, musika-erreproduzitzaile bat eta puska-puska eginda zeudelako identifikatu ezin izan genituen beste gailu batzuk. Handik astebetera, berriz joan ginen. Ateratako hondakinak ez zeuden (udal brigadak jasoko zituela uste dugu). Alabaina, 30 metro errekan behera mikrouhin-labe bat zegoen, bitan zatituta, eta 50 metrora, telebista handi baten karkasa bat. Ez dakigu seguru aurreko bisitan oharkabean pasatu zitzaizkigun edo guk garbitu ondoren botatako hondakinak diren.

Hori bai, hondakinak kanalizaziotik ateratzen ari ginela, konturatu ginen auto batzuk hurbiltzen zirela eta berehala buelta ematen zutela. Hondakinak botatzera zetozen, eta gu ikusitakoan atzera egiten ote zuten? Ez dugu inoiz jakingo, baina garbi dago batzuk industrialde horretako goiko parteraino joaten direla espresuki hondakinak botatzera. Esan nahi duguna zera da, badela garaia Ura Agentziak, Urola Erdiko Mankomunitateak eta Azkoitiko Udalak (hiruek baitute eskumena ibai-sistemetan etengabe egiten ari diren arau-hauste larri hauen aurrean) errekak ikuskatzeko eta zaintzeko plan bat adosteko nahiz martxan jartzeko. Horrela egiten dutenean, berandu baino lehen gaizkileekin gurutzatuko dira. Hasieran, beharbada, ez dute jakingo nortzuk diren, baina garrantzitsuena haiek zaindariak badirela jakitea da. Izan ere, orduan ez da zaborrak errekatik ateratzera joateko momentua izango, erantzuleak identifikatzera eta zigortzera joateko momentua baizik. Orduan hasiko dira gauzak aldatzen.

Gure ibai eta errekastoetako isurketen beste arazo bat uren indarra da. Ugarteko kasu honetan, kanalizazio estua denez eta emaria handia ez denez, egunotako uholdeekin ere seguru asko hondakinak ez ziren Urolara iritsiko. "Zortea" izan dugu, nolabait esateko, hondakinak Urolara zuzenean bota ez dituztelako eta bertan geratu direlako. Baina horrek ez du esan nahi azken euriteekin Urola berriz ere zabor-autopista bihurtu ez denik. Zabor-autopista itsasoko bidean, jakina. Ze aspaldi ikasi baikenuen itsasoa gero eta gehiago itotzen ari den zabor hori guztia lehorrean sortzen dela, gure herrietan eta etxeetan, nolabait esateko, eta erreka eta ibaien bitartez bideratzen dela. Horren adibide garbia 300 metro baino gutxiagora ikusi dugu, Azkoitirako norabideko poligonoa atzean utzita. Altzibar auzoko lehenengo atarira iritsi aurretik aparkaleku bat dago. Asteetan, ibai-ertzeko 40 bat metrotan bi zabor-poltsa, poliespanezko kutxa bat eta aterki bat ikusi ditugu, besteak beste. Gaur egun isurketen zati bat, beste batzuk ez, leku berean daude oraindik, baina ez ibaiaren emaria euriteen ondoren hondakinetara iritsi ez delako, baizik eta landaretzaren artean harrapatuta geratu direlako. Deigarria da hori gertatzea udalak aurten 15.000 euroko partida bat bideratu duenean ibai-erreketatik hondakinak ateratzeko.

Nabarmendu nahi dugu ibaietara eta erreketera hondakinak botatzeak oso gauza ohikoa izaten jarraitzen duela. Gure ustez, ez da kontzientzia faltagatik, erantzuleek hondakinak oso-oso kontziente botatzen dituztelako. Gaiztakeriaz botatzen dituzte, Azkoitiko herriarekiko mespretxua erakutsiz. Ugarteko industraldearen berri eman ziguten senar-emazteen salaketak eta haserreak zerbaitetarako balio izatea espero dugu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide