Eguzki talde ekologistako kideek Urola ibaian zaborra topatu dutela salatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Eguzki Erakunde Ekologista 2019ko abe. 23a, 18:13

Hiltegi zaharraren inguruan zenbait hondakin topatu dituzte Eguzki talde ekologistako kideek, eta egoera publikoki salatu dute. Teilape bat, igeltsua eta entxufe bat topatu dituzte, besteak beste.

Eguzki talde ekologistak Azkoitiko hiltegi zaharraren parean Urola ibaira zaborra bota dutela salatu du. Haien arabera, "nahita" egindako ekintza izan da, eta hori egin duenak "ingurumenaren aurkako delitua" egin duela adierazi dute. Ibaitik teilape bat, eraikuntzarako erabiltzen den igeltsua, tapa bat eta entxufe bat atera dituzte talde ekologistako kideek.

Horrez gain, Eguzki taldeko kideek nabarmendu dute abenduaren 19an Urola Erdiko mankomunitateko kideek Azpeitian egin zuten bileran egon zirela. Talde ekologistak adierazi duenez, bileran hainbat herritako udal ordezkariekin hitz egin zuten, eta herri bakoitzerako pertsona bat kontratatzea galdegin zien haiei, pertsona hori ibaiaren "zaintzaile, hezitzaile eta begirale" izan dadin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide