Hain urrun, eta aldi berean hain gertu

Erabiltzailearen aurpegia Eguzki Erakunde Ekologista 2019ko aza. 8a, 19:08

Orain dela hamar egun salatu zuen Azkoitiko Eguzki erakundeak Altzibar auzoan Urolako ibaiertza geratu zen egoeraz, etxebizitza-bloke baten fatxada birgaitzeagatik.

Hamar egun igaro dira hori salatu genuenetik, eta atzo arte hondakinak leku berean egon dira. Gehiena bildu dute, baina leku berean jarraitzen dute aldamioaren langetak, kanaleta zuri batek eta plastikozko hondakin batzuk. Horrek aukera ematen digu gai honetan pixka bat gehiago sakontzeko.

Alde batetik:

  • Azkoitiko Altzibar auzoan etxebizitza bloke baten fatxada bat berritzen ari dira; guztia ondo.
  • Obra bat burutzeagatik ibaiertza zabortegi bihurtu izanak, erantzun bakarra du: kontzientzia eza.
  • Hondakinen artean garagardo potoak, eskularruak, silikona potoak eta abar izateak argi eta garbi erakusten du azken hamasei egunetan irudi hori ibaiertzean ikusteak ez duela zerikusirik fatxada bat birgaitzearekin, baizik eta beste zerbaitekin.
  • Esan dugun bezala, ingurua garbitzat eman dute, baina ez da horrela. Hondakin arrastoa han geratuko da, eta hortxe ustelduko dira edo urak eramango ditu.

Eta bestetik:

  • Azken hamar egunetan, hondakin bat urak arrastaka eraman du, aldamioetarako erabiltzen den langeta zati bat urak estali du azken euriteen ondorioz, eta hondakin plastikoren bati ezer gutxi falta zaio. Horrek erantzuna eman diezaguke zergatik agertzen diren itsasoan eta gure kostaldean klase ugariko zabor-tonak.
  • Azken hori da, hain zuzen ere, Urolako ibaiertza nola utzi zuten ikusi bezain pronto burura etorri zitzaigun lehen gauza.
  • Altzibarko kasuak gure ibaietan dugun arazoaren lagin txiki-txiki bat baino ez du islatzen. Itsasoak bakarrik jakingo du zenbat kilo zabor bildu duen azken egunetan Urola ibaiko urak arrastaka eramanda. Urola diogunean bailara osoari buruz ari gara, zoritxarrez hau ez baita Azkoitian bakarrik gertatzen.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide