Etxean gelditu beharra bakarrik

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Garate Soraluze 2020ko mar. 24a, 11:47

Sekula espero ez genuen une batean gaude oraintxe. Munduko biztanle guztiei kalte egiten ari den birus pandemiko baten aurrean, hain zuzen. Honek fikziozko pelikula bat ematen duen arren, benetan gertatzen ari da munduan zehar. Ahal dugun azkarren jokatu behar dugu birusari aurre egiteko, gure munduak lehen bezala jarrai dezan eta gure bizitzak normaltasunera iritsi daitezen. Horretarako, zientzialariek eta espezialistek aholkatuta, etxean geratzeko eskatu digute gure onerako, besterik ez.

Egia da eguneko 24 orduak etxean pasatzeak izorratu egiten gaituela, baina ez dago beste bide egokiagorik birusa gainditzeko. Imagina dezagun, Europan gerra garaian, edo hemen bertan Gerra Zibilean, nola bizi ziren familiak: gerrara joan ziren maiteen albisterik gabe, bizirik edo hilik zeuden jakin gabe... Bitartean, etxean ez zituzten guk gaur egun ditugun erosotasun guztiak, hala nola, janari piloa eta teknologia modernoa. Egunero kezkatuta ea egunen batean etsaia etorriko zen haien buruak eta inguruak bonbardatzera. Edo, jarri gaitezen Anne Franken lekuan, non bere azken urteak etxe txiki batean igaro zituen, zaratarik egin gabe edota balkoira irten ezinik aire freskoa hartzera. Guk, ordea, hori guztia egin dezakegu, eta askoz gehiago, baina orain hasten banaiz horiek guztiak aipatzen, ez nuke sekula bukatuko.

Horregatik, uste dut egokia litzatekela oroitzea nola bizi ziren gure arbasoak garai horietan eta hastea eguna irribarre batekin, hori guztia sufritu behar ez dugulako. Gure guraso eta aiton-amonek behar gaituzte orain beraz, bada garaia zentzuz jokatzeko, mundu honetan gehien merezi dutenak baitira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide