Krisaukera

Erabiltzailearen aurpegia Ekaitz Etxezarreta 2020ko api. 9a, 13:11

Ekaitz Etxezarretak idatzitako iritzi artikulua: 'Krisaukera'.

Aitortu egiten dut bai, txiki-txikitatik naiz 'The Simpsons' telesailaren zale amorratua. Egiari zor, ikustea merezi duten atalak lehen hamar denboraldietakoak dira. Beraiei esker etorkizuneko nire oinarri akademikoaren zati garrantzitsua lortu nuen, eta ez da inolako txantxa. Askok dioten moduan, iragana ederki azaltzeaz gain, etorkizuna aurreikusteko gaitasuna izan du telesailak; guztiaren gainetik gogoratu, ordea, historia kate bat izateaz aparte, behin eta berriz errepikatzen dela, beraz, ez diezaiogun duena baina meritu gehiago eman.

Espainolez bikoiztutako atal horietako batean Lisak (alaba) Homerri (aita) aipatzen dio txineraz krisi hitzak aukera sinonimotzat duela. Orduan, Homerrek harrituta krisaukera itzuliko genukeen hitza erabiltzen du. Momentu barregarria benetan ere.

Esaerak dioen moduan, errealitateak fikzioa gainditzen omen du. Ingurura zein urte gutxi batzuk atzera begiratu besterik ez dugu Lisari eta txinerari arrazoia emateko. Begira 2008ko krisiari bestela. Krisi ekonomikoa sortu zuten bankuak erreskatatuak, krisi hori hauspotu zuten politikari ustelak amnistiatuak… Badirudi boterean edo piramidearen goian daudenentzat krisiak aukera abaniko bat irekitzen duela, beraien ibilbide handi-mandiaren beste fase soil bat izango balitz bezala. Jende arruntarentzat, berriz, justu kontrakoa, noski.

Gaur egun bizi dugun krisia ere hortik doa; honek pandemia bati lotuta egotearen faktore gehigarria du, ordea. Alarma egoera ezarri digute, horrekin batera konfinamentua, bakantzea… Oro har, kontrol soziala nabarmen igo da, lehendik genuena murritza izango balitz bezala. Egoera hauetan geratzen da argi eta garbi nork daukan benetako boterea, eta nori irekitzen zaion aukeren benetako abanikoa muturren aurrean.

Herrikide eta aberkide maiteok, azken egunotan gertatutakoak are nabarmenagoa egiten du gure erabateko menderakuntza maila. Pedritok eta Manueltxok esandakoan konfinamentua, Pedritok eta Manueltxok esandakoan gure lurren arteko mugak ixtea, Pedritok eta Manueltxoak esandakoan industria paralizatua, Pedritok eta Manueltxok esandakoan ejerzitoa gure herrira “laguntzera”, Pedritok eta Manueltxok esandakoan iritsiko dira testak eta maskarillak… Azken finean, gugandik urruti dauden horiek esandakoan bueltatuko zaigu egunerokotasun “arrunta”, golak eta golak sartzen dizkiguten bitartean. Alferrik ibiliko da, beste horrenbesteren artean, Urkullu azkeneko dekretua kritikatzen eta ejerzitoaren sarrera ekiditen, baita Osakidetza ere bitarteko gehiago eskatzen, ez baldin bagara pairatzen dugun menderakuntza eta asimilazioaz ohartzen.

Honetaz guztiaz hausnartzeko erabili beharko genuke iristear dugun Aberri Eguna, egoeraren gordintasunaz jabetzeko eta horren inguruan jendea saretzeko. Diskurtso hutsal eta banalak alde batera utzi, eta krisi hau aukera moduan baliatu geure erakunde propioetan antolatuta, guk geuk hartzeko geure errealitate sozialari, kulturalari eta ekonomikoari dagozkion erabakiak. Eta inguruko perkala edo egoera ikusita, ez dirudi batere zaila gauzak pixkat hobeto egitea. Beste guztia gure menderakuntza eta asimilazioan sakontzea baita, herri honen heriotz motela, alajaina. Gainera, beraiek nahi duten moduan, isiltasunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide