Udal eta foru hauteskundeak 2023

Ana Azkoitia: "Mimo handiz landu dugu programa, herri aurreratua eta aurrerakoia eraikitzen jarraitzeko"

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EAJ 2023ko mai. 18a, 18:07
Ana Azkoitia, EAJren Azkoitiko alkategaia.

Herri aurreratua eta aurrerakoia. Irisgarria, jasangarria eta inklusiboa. Giza baloreetan oinarritua. Horiek dira EAJ-PNVk datorren agintaldirako landutako lan programaren zutabe nagusiak.

Ana Azkoitia Urteaga alkategaiaren hitzetan, "mimo handiz" hausnartu eta landutako programa dute herritarrentzat. "Hiru lan ildo nagusi bereizi ditugu, fokua hiruretan jartzea ezinbestekoa delako: herria, bailara eta udala. Herrirako egingo dugu lan, nola ez, baina Azkoitia ez da irla bat, Urola Erdian gaude kokatuta, eta bailara gisa gure identitateari eutsi eta onurak bilatu behar ditugu, lehiakorra eta erakargarria izan dadin. Hirugarren oina udaletxea da. Udalak tokiko erakunde gisa eraginkorra izaten jarraitu behar du herritarrei ahalik eta zerbitzurik hoberena emateko, eta udal ordezkariek herritarrei agindutako proiektuak aurrera eramaten laguntzeko".

Herriari begira, kaleak eta auzoak txukun mantentzea izango da EAJren egitekoa. Horri lotuta, Plazaberriren oinezkotzea eta eraberritzea –duen izaera mantenduta– sustatuko ditu, baina aurrez, aparkalekuen inguruko hausnarketa egiteko konpromisoa hartu du, herritarrentzat arazo nagusia gaur egun aparkaleku falta delako.

Oreka bilatu behar da. "Aparkalekuak behar ditugu, baina baita gune berdeak eta pasealekuak ere". Jausoroko zuhaiztia balioan jartzea, Ugarteigarango eremuak ematen dituen aukerak aztertzea edo San Martinen pasealeku edo natur parke bat eraikitzea dira EAJren proposamenak.

Arlo ekonomikoan, Azoka Plazaren eraberritzeko egingo du lan EAJk, bertako produktuak nahiz ekoizpena sustatuz. Baserri bideen konponketarekin jarraituko du orain arte bezala, "hori delako baserritarren eskaera nagusia". Halaber, merkataritza txikia indartzeko ahaleginak egingo ditu.

Bestalde, eta inbertsio berriak erakartzeko pabilioiak badauden arren, Azkoitiko herriak lur industriala agortuta du, eta Izarre-Jandaloko eremua horretara bideratzeko egingo du lan.

Etxebizitza politikaren bueltan, Txalonerrekako eta Intsaustiko eremuen urbanizazio proiektuekin jarraituko du EAJk, eta etxebizitza hutsen azterketa egingo du, Udal Gobernuan baldin badago.

Floreagako eta San Martingo irisgarritasun proiektuei jarraipena emango die.

Aurretik bideratutako proiektuen artean dago zaintza eredu berriranzko bidea, eta bide horretatik jarraituko du EAJk. Eguneko Zentroa eta apartamentu tutelatuak erdigunera jaitsiko dira, unitate psikogeriatrikoa berritu eta zaintza eredu berria ezarri San Jose egoitzan. Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzartuta duten akordioaren barruan sartzen dira urrats horiek, 4,7 milioiko inbertsioarekin.

Ingurumenean arreta jarrita, energia berriztagarrien aldeko apustua egingo du EAJk, trantsizio energetikoa sustatuz, eta betiere, herriarentzat onuragarria izango dena babestuz.

Kirol ekipamenduetan skate parkea eraikitzea eta San Juango futbol zelaia berritzea dira programan jasotako zenbait jarduketa, igerilekuak handitzeko bideragarritasun ekonomikoa ahalbidetzen saiatzeko konpromisoarekin batera.

Kultura eta herri identitateak ere badute tokia programan. Besteak beste, datorren urtean Azkoitiak hiri-gutunaren 700. urteurrena oroituko du, eta herri ondarea ezagutarazteko eta hari balioan emateko aukera izango da.

Ikusi ondorengo loturan programa osoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide