Esperientzia, konpromisoa eta energia berriak batzen dituen taldea aurkeztu du EAJ-PNVk

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EAJ 2023ko mar. 31a, 12:45

"Osa genezakeen talderik onena daukagu, herrigintzarekin benetan konprometitutako taldea". Horrela aurkeztu zuen atzo arratsaldean Ana Azkoitia Urteaga alkategaiak EAJ/PNVk maiatzeko udal hauteskundeetarako osatu duen hautagai-zerrenda. Aurkezpen ekitaldiak ehun bat lagun bildu zituen Elkargunean. Ekitaldian parte hartu zuen Deba-Urola barrutiko zerrendaburu Maria Eugenia Arrizabalagak.

Alderdikideez eta jarraitzaileez babestuta, alkategaiak eskerrak eman zizkion bere taldeari proiektuan jarritako energia eta ilusioagatik, eta Azkoitiko herrriarengatik eta herriarentzat lan egiteko erakutsitako prestutasunagatik. "Udal-kudeaketan esperientzia eta energia berria batzen ditugu; ezagutza, eta ilusio eta itxaropen berriak. Benetan uste dut lantalde indartsua osatu dugula, eta hoberena da, hori erakusteko gogotsu gaudela. Politika ona egin nahi dugu, umiltasun osoz eta seriotasunez, eta horretxek markatuko du gure nortasun politikoa. Eraikitzera gatoz, batzera, ekarpenak lantzera, eta gauzak ondo egitera".

Ana Azkoitiak ondoan izan zituen hautagaiak, eta banan-bana aurkeztu zituen esker oneko hitz eta txalo artean. "Egungo udal gobernua osatzen dugunon artean, zortzi gaude zerrendan. Esaten da politikak gastatu egiten duela, eta boto-emaileek aurpegi berriak nahi izaten dituztela, baina nik diot bere lana ondo egiten duenari jarraitzeko aukera eman behar zaiola, hori baldin bada behintzat bere borondatea. Gure kasuan, oreka ia perfektua lortu dugu aurretik gatozenen eta gurekin bat egin dutenen artean. Lanerako prest gaude".

Desafekzio politikoa nagusi den garai hauetan, Ana Azkoitiak politikan parte aktiboki hartzearen aldeko hautua aldarrikatu du, "politikak gutako bakoitza hobeto edo okerrago bizitzera eramaten gaituelako. Politika egiteko aukeratuak izaten diren pertsonek herri bat aurrera eraman dezakete, edo hondoa joarazi. Politika gauza serioa da, eta guztion artean pentsatu eta birpentsatu beharrekoa".

116 urteko historia Azkoitian

Ekitaldia Uri Buru Batzarreko presidente den Asier Aranbarrik ireki zuen. Aranbarrik gogora ekarri zuen EAJk Azkoitian 116 urteko historia eta ibilbidea dituela Azkoitia eta Euskadiren aldeko lanean. "Ezin du hori beste inork esan". Galdera bat luzatu zien herritarrei: "Pentsatu. Nor nahi duzue izatea Azkoitiko alkatea Ana Azkoitia edo Asier Altuna, Lapatza? Hori da jokoan dagoena maiatzaren 28an". Azkoitia gaur den bezalako herria baldin bada, EAJren eskutik "beti norabide zuzena" eraman delako da, "erabaki estrategikoetan asmatu delako", gaineratu zuen.

Bere aldetik, Maria Eugenia Arrizabalagak EH Bilduren "kamuflaje estrategia" eta ezkortasuna salatu zituen. Azaldu zuen herrigintzan aritzeko konpromisoa eta erabakitzeko gaitasuna ezinbestekoak direla, eta, Aranbarrirekin bat egin zuen esatean, EAJk asmatu egin duela beti erabaki garrantzitsuetan. "89an beste izen batekin RGIa (DBE) jarri genuenean martxan, asmatu egin genuen; 80an, industriaren eskuduntza geureganatu genuenean, asmatu egin genuen; euskara biziberritzeko apustua egindakoan, asmatu egin genuen; Estatutua lortu genuenean, kontzertu ekonomikoa lortu genuenean, asmatu egin genuen; erabakitze eskubidea artikulatu genuenean, asmatu egin genuen, eta legebiltzarrean estatus berri baten oinarriak jarritakoan ere, asmatu egin dugu". Arrizabalagaren hitzetan, "beste batzuk ez dute asmatu". "Gu herri hau eraikitzen ari ginenean, beste gauza batzuetan zebiltzan. Halako batean, bide politiko eta demokratikoaren aldeko hautua egin dute. Eta, oso ondo. Baina oso berandu".

Hautagaien artean, egungo alkate den Javier Zubizarretak hartu zuen hitza. "Ana Azkoitiak -esan zuen- oso lan ona zeukan, eta bere lana utzi eta Udaletxera etorri zen. Antzeman zen bere etorrera. Momentu onak eta txarrak izaten dira zortzi urtetan, eta Ana Azkoitiak beti bultzada eman izan du halakoetan. Alkatetza hartzeko arduraren aurrean, erakutsitako konpromisoa ez da diruz ordaintzen". "Zortzi urtetan dena eman du Ana Azkoitiak udaletxean, gai guztiak menderatzen ditu, eta nik, duda txikienik ez daukat. Azkoitiko herriak behar duen alkatea Ana Azkoitia da", gaineratu zuen Zubizarretak.

Klikatu hemen ekitaldiko argazkiak ikusteko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide