Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak irekiko ditu aurtengo Udaberriko Hitzaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EAJ 2022ko mai. 1a, 09:00
Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak eskainiko du lehen hitzaldia.

Pandemia garaian etenda egon diren arren, bueltan dira Gazte Geroak antolatutako Udaberriko Hitzaldiak. Aurten, Izaskun Landaida Emakunderen zuzendaria, Leyre Arrieta Deustuko irakasle eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria izango dira aurtengo gonbidatuak.

Hiru urteko etenaren ondoren, bueltan dira Gazte Geroak antolatutako Udaberriko Hitzaldiak. Maiatza eta ekaina bitartean hiru hitzaldi jarraitzeko aukera izango da Elkargunean. Hitzaldi zikloari datorren astean emango zaie hasiera, Izaskun Landaia Emakunderen zuzendariak eskainiko duen solasaldiarekin. Datorren ostegunean, maiatzaren 5ean, Elkargunean izango da Landaida, eta 18:30etik aurrera, Berdintasunaren bidean: zein puntutan? hitzaldia eskainiko du.

Izaskun Landaidak 2013an hartu zuen Emakunderen zuzendaritza kargua. Besteak beste, Landaida bere jaioterriko, Ugaoko (Bizkaia) alkate izan zen, baita Bizkaiko Foru Aldundiko Genero Indarkeriaren Behatokiko kidea ere. EUDELen exekutibako kide eta erakunde horretako Berdintasun saileko arduradun politikoa ere izan da.

Leyre Arrieta Deustuko Unibertsitateko irakaslea, berriz, Landaburu, belaunaldi baten baloreen isla goiburupean arituko da maiatzaren 19an. Elkargunean izango da hitzaldia, lehenaren ordu berean, 18:30ean. Arrieta Geografia eta Historian lizentziatua da, eta Deustuko Unibertsitateko Historia Garaikideko doktorea. Euskal abertzaletasuna, euskal erbestea, europartasuna eta komunikabideen historia jorratzen ditu, besteak beste. Azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren agirien fondoaren inguruan aritu da ikertzen, baita euskal abertzaletasunaren sinboloen inguruan ere.

Udaberriko Hitzaldiak zikloko azken saioa Kike Amonarrizek emango du. Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria da, hark ekainaren 16an eskainiko du hitzaldia Azkoitian. Gainerako bi solasaldien moduan, Amonarrizen saioa ere Elkargunean izango da, 18:30ean. Euskararen bidegurutzetik izenburupean, euskararen egungo egoera izango du hizpide hark. Amonarrizek 2019an hartu zuen Topaguneko lehendakaritza, eta urte hartan bertan idatzi zuen Euskararen bidegurutzetik liburua.

Hona hemen hitzaldi zikloen kartela:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide