Azkarateko hondakin gunea

Ezezkoa ematen diogu Azkarateko plantari, eta mankomunitateari gaia berraztertzeko eskatzen diogu

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EAJ 2020ko mai. 29a, 14:00

EAJk gutuna bidali dio Maxixatzeni, Azkarateko hondakin gunearen inguruan hartutako erabakiak eta iritziak azaltzeko. 

Azkoitiko EAJ/PNVk ezezkoa ematen dio Azkarateko plantari, eraikuntza eta eraispen hondakinen planta bat baino gehiago delako (aurreikusitako urteko gehienezko 183.000 tonatik 20.000 tona ez dira eraikuntza eta eraispen hondakinak), bailarako premietatik askoz haratago doalako eta ez dugulako herriaren zatiketa areagotzerik nahi. Zentzu horretan, alkateak eta Udal Gobernuak baldintza gisa jarritako ahobatekotasunaren beharra guztiz babesten dugu.

Horrek ez du esan nahi, ordea, arazoa dagoela ukatzen dugunik, bere unean Urola Erdiko Mankomunitatean ikusi zen moduan. Horregatik mankomunitateari eskatzen diogu bailarako beharren inguruko azterketa sakon bat egitea. Bere garaian, Urola Erdiko Mankomunitatean, EH Bildu tarteko, aho batez hartu zen eraikuntza eta eraispen hondakinei Lapatxen bertan irtenbide bat ematearen aldeko erabakia, baina ezin izan zen gauzatu legedi eta estatutu eragozpenak tarteko. Bide hura berreskuratu eta sakontzeko eskatzen diogu, gaur gaurkoz Lapatxek obra txikietatik eratorritako eraikuntza eta eraispen hondakinak soilik eta kopuru bateraino jasotzen dituelako. Ondorioz, gainerako erakundeekin lankidetzan, bailararen premiak behar den bezala aztertu eta beharrik balego, irtenbide bat ematea eskatzen diogu, obra txiki hauetatik haratago doazen eraikuntza eta eraispen hondakinei ere.

Badakigu, egungo Toki Legediari jarraituz, Urola Erdiko Mankomunitateak, hasiera baten, udalak bezala, ez duela eskumenik eraikuntza eta eraispen hondakinak tratatzeko. Legea, ordea, aldatu daitekeen zerbait da, eta EAJ-PNVtik uste dugu hori dela jorratu beharreko bidea, ahalko balitz eraikuntza eta eraispen hondakinen kudeaketari irtenbide publiko bat emanez.

Edozein kasutan, bat gatoz kontrol publikoak areagotzearen premiarekin, horrela egiteko eskatzen diogularik Lapatxi ere jasotzen dituen eraikuntza eta eraispen hondakin guztiekin.

Gaur arte, alderdi gisa, isilik egon gara, iritzia emateko udalak antolatutako parte hartze prozesuan zehar, bai batzuk eta bai besteek esaniko guztia kontutan hartu nahi genuelako. Askok ez dute ulertuko gure iritzia hain berandu eman izana, baina zuhur jokatu nahi genuen, gaiak baduelako bere konplexutasuna.  

Sua itzaldu beharrean piztu

Azkarateko planta Zaldibarko zabortegiarekin eta istripuarekin lotzearekin batera hasi ziren gaizki ulertuak eta manipulazioak. Eusko Jaurlaritzak hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko planta bati eman zion baimena. Komunikabide batek, ordea, “Luz verde a una planta de valorización de residuos industriales” titularraren bitartez, Azkarateko planta egintzat jo zuen, azpian Mutiloako zabortegiaren argazki bat jarriz, eta ondorioz, gauzak guztiz nahasiz.

Hortik aurrera istorioa ezaguna da. Ustea zabaltzen da eta herritarren kopuru garrantzitsu bat inoiz egingo ez den zabortegi baten aurka posizionatzen da, sortzen diren bi plataformak tarteko. Inoiz ez denean izan alkatearen eta Udal gobernuaren asmoa Azkaraten hondakin industrialen zabortegi bat egitea.

Lotura faltsu hori izan da kazuela-jotzearen oinarria. Protestaren motiboa ez da inoiz izan eraikuntza eta eraispen hondakin planta, ustezko zabortegia baizik. Puntu horretan EH Bilduren jarrera salatu beharrean aurkitzen gara. Sua itzaldu beharrean piztu egiten duelako behin eta berriz. Konfinamenduaren unerik gogorrenean hauteskunde etekin bat bilatu nahian. Gaur oraindik publikoki ez du esan Azkaratekoa ez dela zabortegi bat, pribatuan onartu duen moduan, nahiz eta azken komunikatuan esan berri duen, eraikuntza eta eraispen hondakinei irtenbide bat eman behar zaiela. Jokabide manipulatzaile benetan salagarria iruditu zaigu lehen unetik. Egiaren mesedetan, Azkarateko planta egingo ez den honetan, EH Bilduk oraindik zor dio herriari, Azkarateko hondakinen balorizazio planta, inoiz ez zela zabortegi proiektu bat izan esatea. Justiziazkoa izateaz gain, gai honekin behar den bezala bukatzen lagunduko luke.  

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide