Koldo Camposi erantzuna

Erabiltzailearen aurpegia

Koldo Campos herritarrak San Jose egoitzaren inguruan plazaratutako gogoetei erantzun die Azkoitiako EAJk honako artikulu honetan:

Eskatzea zilegi da. Kexatzea ere doan ateratzen da. Baina egindako eskaerek eta kexek egiari zor badie, sinesgarritasun osoa galtzen dute. Hori da Koldo Camposek San Jose Egoitzaren inguruan idatzitako artikulua irakurrita, esan daitekeen lehenengo gauza. Deskribatzen duen egoera -hiprokresiaz beteriko hitz-jario ironiko-literario ederrean-, errealitatetik urrun dago. Beti dago zer hobetu, etxe guztietan bezala. Baina horrek ez du esan nahi San Jose Egoitzako aiton-amonek ez dituztela bermatuta konpainia, kalitatea eta duintasuna. Baita behar adina pixoihal ere.

Edozer esatea libre al da ba?

Koldo Camposek esandakoak egiak balira, inork edukiko al luke etxekorik egoitzan?

Urtero egiten dizkiete familiei inkestak. Batez besteko puntuaketa oso altua da. Asebetetze maila ona da.

Hemen San Jose Egoitzako pertsonak azaburuekin alderatzen dituen bakarra, aipatu artikuluaren sinatzailea da. Errespetu eza hor hasten da.

Zer pentsatu behar dute beren lana profesionaltasunez betetzen duten bertako langileek?

San Jose Egoitzako ateak zabalik daude eta edozeinek egin dezake bisita hango eguneroko bizimodua nolakoa den ikusteko.

Egoitzan 98 lagun daude. Haietako bostek mendekotasuna dute eta beste 93 pertsonek, mendekotasun larria.

Hala ere, sekulako ahalegina egiten da jardueren antolaketan urte osora luzatzen den egitarau bat osatuz asteroko jarduerekin eta ekintza bereziekin. Iazko egitarauari begirada bat botatzen badiogu ikus daiteke eskaintza: bazkari bereziak, ibilgailu klasikoak ikustera irteera, Adinduen Astea, Andramaixetan pilota partidak ikustera eta Salbea entzutera irteera, kanta eta txiste kontaketa saioak, bertsoak... Halaber, egoitzako erabiltzaileen talde bat Musikoterapia egitera hilero Bizkargi Musika Eskolara jaisten da. “Musikarik gabe, bizitza akatsa litzateke”, bai Koldo, halaxe da.

Egia da aktibitate hauek garatzeko boluntarioen laguntza ezinbestekoa dela eta benetan txalotzekoa da haiek egiten duten lan eskerga.

Zergatik gauza positiboak ez dira lau haizetara zabaltzen?

Zergatik da helburua zerbitzuaren kalitatea kakaztea, gezurrak esanez?

Camposen kexa parrastadaren aurrean, arrazoia eman behar diogu esaten duenean egoitza ez dagoela herriaren erdigunean. Ez, ez dago herri erdian. Egia da Eusko Jaurlaritza ere legeria aldatzen ari dela, ahal den neurrian, egoitzak udalerrietako erdigunean kokatzeko.

Baina gaur-gaurkoz ez dugu alternatibarik. Udalak zintzo jokatu du hori esatean. Ezin da inor engainatu.

Azken udalbatzan Javier Zubizarreta alkateak hainbat aldiz galdetu zion EH Bilduri zein izan daitekeen alternatiba San Jose Egoitza jaisteko. Erantzuna: isiltasuna. Txintik ez.

Ondorioz, ez dezagun gaiaren erabilera politikorik egin, mesedez. Ezta zirku mediatikorik ere.

Gauzak horrela, ez dugu esan nahi egoitza tokiz aldatzeko esperantzarik ez dagoenik, baina argi dagoena da luze joko duela. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula eta Udala presiopean hartzeak eta ezer ez duela egiten aurpegiratzeak ez du balio, beste inork mahai gainean bideragarria den konponbiderik jartzen ez duen bitartean.

Egoera horretan, eta bidea luzea izan daitekeela jakinik, Udalak garraio publiko pertsonalizatua jarriko zuela agindu zuen. Alegia, Eguneko Zentrora joan-etorria egiten duen furgoneta arratsaldeetan egoitzako erabiltzaileen eta haien senideen eta lagunen esku jarriko zuela. Taxia bezala funtzionatuko lukeen garraioa, alegia. Erosoagoa gurpil-aulkia behar dutenentzat.

Igogailua jarri ahal dela ere azaldu du Udalak. “Egoitza ezin bada herrira ekarri, eraman dezagun herria egoitzara”. Baina hau guztia belarri batetik sartu eta bestetik ateratzen zaio zenbaiti. Eskua eman eta besoa hartu nahi.

Koldo, esker onekoa izatea ez dago batere gaizki.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide