maxixatzen.eus

EAJren oharra: «Aizpurutxokoa kasu puntuala izan da, eta Udalari dagokio erantzukizunak eskatzea eta dagokion neurriak hartzea»

Erabiltzailearen aurpegia   Politika

Azkenaldian herrian suertatuko gertakizun tamalgarriaren inguruko gure gogoetak azalduko ditugu ohar honetan:

Azken urteotan, zaborren kudeaketa izan da herri honetan eztabaidarik sutsuenetariko bat. Zilegitasun osoz batzuk sistema baten eta  besteak beste  baten alde ibili gara. Hasiera batean, denok helburu bakarrarekin: ahalik eta gehien birziklatzea.

Kronologia labur bat eginez, Azkoitian 2004. urtean, gaikako bilketaren datua %19koa zen, eta  Gipuzkoan, berriz, %26koa. Garai honetan hasi zen Azkoitiko Udala gaikako bilketarekin,  esperientzia pilotu baten baitan organikoa jasotzen edo Garbiguneko zerbitzua eskaintzen.

Horrela, 2013. urtean, azkoitiarrok %33 ko gaikako bilketa egitera iritsi ginen, hau da, 4.691 Tn zaborretik, 1.571 Tn gaika jaso ziren.

2014. urtean, EAJ-PNV oposizioan geunden arren, gaikako bilketaren oinarriak onartu genituen  EH BILDUren izenean Udal gobernuan zeudenekin batera, ahalik eta azkarren %70eko gaikako bilketa lortu eta jasotakoaren kalitatea bermatzeko xedez, besteak beste.

2017. urtea iritsi da, eta gaur da eguna azkoitiarrok %62 gaikako bilketa bidez jasotzen duguna, hau da, ia-ia bere garaian, hau da, 2014an, plenoan, gehiengo oso-oso zabal batek onarturiko helburura iristen ari gara.

Kalitateari buruz, berriz, duela bi aste, Udalak martxan jarri du kanpaina berri bat, hau da, organikoa hobeto jasotzeko edukiontzi berriak jarri ditu eta gehien kostatzen zaigun gaiakako  bilketan, enbasetan alegia, zer eta nola jaso behar den adierazteko etxolak ezarri ditu.

Ikastetxeekin ere urte luzez ari da Udala lanean, Agenda 21aren barruan, umeetatik gaikako  bilketa bultzatzeko ahaleginetan, ikastetxe desberdinetako irakasleekin batera.

Gauzak horrela, gure ustez zaborren kudeaketak eta bereziki gaikako bilketaren gaiak, denon helburua %70 gaikako kalitate oneko bilketa lortzea bada, ez du izan behar egitik urrun dagoen ikamikarako argudio eta aurkari politikoa edozein preziotan kritikatzeko arrazoi. Ez baigaude elkarri mokoka jarduteko karrera batetan baizik eta zabor gutxiago sortu, gaika hobeto jaso eta gehiago birziklatzeko saiakaera kolektibo batetan. 

Aizpurutxoko kasua, batzuk zaborren botatzea gaizki egiten dutelako, herri guztiko gaikako  bilketa ez kontaminatzeko asmoz zabor guztia batera jaso behar izan den, kasu puntual bat izan da. Ez gehaigo eta ez gutxiago. Udalari dagokiolarik erantzukizunak eskatu eta bere kasuan dagokion neurriak hartzea, aurreko astean Javier Zubizarreta alkateak argi eta garbi esan zuen moduan.  

Edozein kasutan, ordea, azkoitiarrok orohar, oso ondo ari gara gaiako bilketan. Hortxe dago %62ko gaikako bilketa datua. Eta guk, EAJ-PNVtik hori balorean jarri nahi dugu herritar guztiak zorionduz eta azkoitiarrok aspalditik hartuta dugun ingurumenaren aldeko konpromisoari tinko eutsi diezaiogun eskatuz.

Udalak egin berri duen moduan, herritarroi berriro ere jakinaraziz, gaikako bilketa zer eta nola  egin behar dugun. Horrela bakarrik izango baitugu kalitatezko jasoketa eta birziklai tasa gorena, duela urte batzuk elkarrekin adostu genuen %70ko gaikako bilkataren helburua betez. Oso hurbil gaude. Animo eta aurrera beraz!

Erantzunak

Erantzuna | #1

Ostras! Horrenbesterainoko aurpegia zenutenik ere nork esan!

Besteak beste, batzokiko memoria falta argitze aldera zenbait esaldi:

0.-Lotsa eman beharko lizuekete onartzea zein eskas ibili zareten gai honi dagokionean Azkoitian. 2004tik ari zaretela herritarrei azaltzen gaikako banaketaren garrantzia kolorez banatutako edukinontzietan. 2004tik 2017ra, 13 urte eta gero hau. Toki ederrean uzten dituzue zuen herritarrak.

1.- 2014. urtekoa da GUTXIENEZ %70 gaika jasotzearen zuen guztion konpromezua. Bi urteko muga ezarri zenioten akordaioari eta bai ondo bete ere, %80ko gaikako banatze tasak izatera ere iritsi zen zenbait momentutan Azkoitiko udalerria akordioa sinatu eta hilabete gutxira. Lotsagarria, zikina eta kiratsduna da datu hau estali nahi izatea zuen testuan. Patetiko samarra.

2.-2017. urtean etxolak jarri dituzue hain justu kaka gainezka egin dizuen astean. Lehen %80ra iritsi zena, orain %60ra iritsi ezinean. Azken datu honen sinesgarritasuna kolokan jartzeko moduko irudiak ikusi ditugu azken egunetan. Zuen alderdiak Bizkaian erakutsi duen datuen gaineko arduragabekeria ikusirik hemen ere berdin jokatzen zabiltzatela pentsatzeko modua bada.

3.- Azkoitia agenda 21 programa Floreagan egiten dute eta Xabier Munibeko DBHk, LHkoak ez dute parte hartzen. Urte batzuk galdu dituzte orain hasi ez badira behintzat. Horregatik agian daukazue arazoa, eskoletan ez dutelako behar beste egiten.

4.-Elkarri mokoka zuek jarri zenituzten herritarrak eta orain horren ordaina jasotzen ari zarete. Zuek bultzatu zenituzten poltsa urdineko ekologistak zakurrak moduan lepora salto egitera, naiz eta ondo asko zenekiten martxan jarritako bidearen egokitasuna. Baina zuei bost. Izorra daitezela. Behin poltrona lortuta konponduko zenutelakoan. Baina kiratsa gainetik ezin kenduta zabiltzate. Orain pake zale fin gisan azaltzen zarete. Nazka gehiago nola eman dezakezuen ere ezin irudika batzuetan.

5.-Aizpurutxokoa ez da puntuala. Beste 8 puntu agertu zaizkizue nahasian jasotzen direnak eta udala zein mankomunitatea jakitun da. Gezurretan biak ala biak. Zuen erregeak esan zuen bezala "lo siento mucho, me he equivocado y no volverá a ocurrir", nahikoa zenuten, baina ezta hori ere.

6.-Arrazoia baduzue behintzat gauza batean. "Hurbil gaude", oso hurbil, pare bat urte barru dena Zubietako txondorrean erreko duzue eta beraz kitto arazoak. Kaka guztion biriketara berdin berdin, komunista onenan pare kaka banatzerako orduan baldin bada ere.

Erantzuna | #2

2014an ahalik eta azkarren %70 gaikako bilketa lortzea jarri zela helburu diozue eta 3 urte ondoren %62ko gaikako bilketarekin helburua lortzear gaudela diozue. Baina hori ez da hala. Udalbatza hartan zuek ere alde bozkatu zenuten helburuetatik urruntzen ari gara.
Udalbatza hartan gaikako sistema berria ipinitakoan %70eko gaikako bilketa lortzea jarri zen helburu. Eta hau lortu zen. Ezarri zen bilketa sistema mixtoarekin gora-beherak gora-behera bereala lortu genuen %70eko gaikako bilketa.
Ahalik eta azkarren ez, bereala (udalbatzan onartu zenuten bezala) lortu zen lehen helburua.
Eta orain udalbatza hartan adostutakoaren bidetik pausu gehiago eman beharrean atzeraka goaz. 2 urtetara %80-85eko gaikako bilketa lortzearen alde bozkatu zenuten. Horra bidean aurrerapenak lortu beharrean atzeraka goaz, eta susmoa daukat halaxe jarraituko dugula, kontenedore grisa mugarik eta kontrolik gabe libre dagoen bitartean. (Gogorarazi nahi dizuet udalbatza hartan errefusari ateak itxiko dizkion bilketa sistema izango zela onartu zenutela, herritar guztion betebeharra dela hondakinak sailkatzea, eta bilketa sistema irizpide teknikoak kontutan aukeratuko zela).

Aipatu nahi dut baita ere, kontenedore bidez baina errefusarena txip bidez kontrolatua eta nolabait mugatua ipinita gaikako bilketa maila txukunak lortzen ari direla adibidez PNV Arrasaten eta PSOE zumarragan (%70etik gora eta % 80ra bidean).

Harrokeria gehiegi erakutsi duzue gai honekin ta orain porru-hazik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa