Guraso eta haurrentzako hainbat tailer eskainiko ditu Bizilorek

Erabiltzailearen aurpegia Bizilore 2015ko abu. 11a, 10:50
Bizilore eskolako ikasleak

Urritik aurrera, hiru tailer eskainiko ditu Bizilorek: guraso eskolapsikomotrizitate tailerra eta haurdunaldia eta erditzea bizitu eta partekatzeko saioak.

 

Guraso eskolan, haurrak jaiotzerakoan familian izaten diren aldaketak hartuko dituzte ardatz. Izan ere, gurasoek izaten dituzten kezkak eta eguneroko bizitzan sortzen diren gatazkak konpontzeko helburuarekin sortutako tailerra da honakoa. Gurasoen kezketatik abiatuko dira, elkarren esperientziak partekatuz eta elkarri lagunduz. Saioak hilean behin egingo dira bi orduko saio batean, eta 20€ izango dira.

Horrez gain, psikomotrizitate saioak izango dira. Inguruko mundua ezagutzeko adierazpen motorrez baliatzen dira haurrak jaiotzetik. Psikomotrizitate saioetan haurra den bezalakoa agertzen da, eta ondorioz, informazio asko atera daiteke bere inguruan, esaterako, bere egoera emozionala eta bere ezaugarri motorrak. Tailerra hiru eta zazpi urte arteko umeei zuzendua egongo da, eta astero ordu eta erdiko saio bat izango da, hilean 30€ko kostuarekin.

Amak eta haurrak ezartzen dute haurdunaldiko prozesuaren erritmoa. Horretarako gurasoak seguru sentitzea ezinbestekoa da, prozesu honen nondik norakoak ezagutzeko. Ezagutza hori landu nahi dute haurdunaldia eta erditzea bizitu eta partekatzeko tailerrean. Yoga bezalako teknikak erabiliz, gurasoen zalantzak, zailtasunak eta beldurrak adieraztea eta elkarren bizipenak elkarbanatzea dute helburu. Astero ordu eta erdiko saio bat eskainiko dute, eta hileko prezioa 40€ izango da.

Interesatuek 685728398 telefonora deitu dezakete edo bizilorefeel@gmail.com helbidera mezua idatzi. Tailer guztiak Bizilorek Bizenta Mogel laugarrenean duen lokalean eskainiko dituzte. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide